Lazkaon aldatu dute hondakin bilketa: atez atekoa kendu eta edukiontzi bidezkoa jarri
Gipuzkoan atez ateko hondakin bilketa sistema kendu duen lehen udalerria Lazkao izan da. Astelehenean jarri zituen Sasieta Mankomunitateak kaleko edukiontziak, Lazkaoko Udalak eskatuta —uztailaren azkenean onartu zuen udalbatzak aldaketa—. Atzoko (asteartea) jada atez atekoaren ontziak zintzilikatzeko zutabe batzuk kendu zituzten. Aurrerantzean, bost edukiontzitan bereizi beharko dituzte bizilagunek etxeko hondakinak.
Sasietak gaur jakinarazi duenez, edukiontziak kokatzen gaur bukatuko dute, eta atez ateko bilketa zerbitzuak bihar (osteguna) du azkeneko eguna. “Hau da, ostegunean organikoa atera ahal izango da, baina ostiraletik aurrera, aldiz, ontziak ez dira bilduko eta kalean jarri diren edukiontziak erabili beharko dira”, azaldu du Sasietak.
Aldaketa bat bada lehenagoko edukiontzi bidezko formulatik: errefusa biltzeko edukiontzi grisa jarri dute, eta txartel magnetikoarekin bakarrik zabaldu ahalko da. Organikoarena, berdin (Lazkao izan zen txartela jartzen lehen udalerria, 2007-2011 agintaldian; baita poltsa konpostagarriak banatzeko lehen makina jarri zuten herria ere). Astean behin jasoko du Sasietak errefusa, eta udalak egun horretarako ateratzeko gomendatu die herritarrei.
Lazkaoko herrigunean guztira 26 bilketa toki antolatu dituzte udalak eta Sasietak. Paper-kartoien edukiontzi urdina, ontzien eta plastikoen horia, organikoaren marroia eta errefusaren grisa jarri dituzte orain. Lehen une oro mantendu dituzten beiraren borobila, eta gai berezien ontziak (pilena, arropena eta olioarena) era badaude.