Garikoitz Aiesta (Ezkio-Itsasoko alkatea): «Eskola altxor bat da Ezkio-Itsasorentzat, lorpen izugarria da»
Bigarren agintaldiari gogoz heldu dio Garikoitz Aiesta (Donostia, 1979) alkateak. Ezkio eta Itsasoren arteko desanexioaz eta esku artean dituzten proiektuei buruz aritu da hitz-jario dotorean.
«Eguberrietara arteko epea daukagu banaketa espedientea Aldundira bidaltzeko»Batzorde independiente bat ere sortu zenuten, nahiz eta foru arauak hori ez zehaztu. Elhuyarrek egindako bideragarritasun ekonomikorako txostenean Ezkio eta Itsasoko ordezkaritzek onartzen zituzten zenbait parametro zeuden, baina beste batzuk ez. Orduan, udaletik interesgarri ikusi genuen mahai baten bueltan Ezkioko ordezkaritza, Itsasokoa eta Ezkio-Itsasoko Udaleko elkartzea. Eta zer eman du mahai horrek? Lau bilera egin ditugu, eta adostasuna lortu dugu termino ekonomikoetan. Zoriontzekoa da hori, herritarrek beraien partetik asko jarri dutelako. Batetik, adostu dugu eraikinak dauden lurraldeko parte izaten segiko dutela, eta bestetik, Aldundiak banaketa espedientea onartzen duenean, Ezkio-Itsasoko Udalak duen gerakin ekonomikoa biztanleria portzentaia aplikatuz zatituko dela; hau da, Itsasorentzat %25 eta Ezkiorentzat %75, borobilduz esanda. Epeak zeintzuk dira? Bi alegazioak Itsasoko talde sustatzaileari bidali zaizkio, eta erantzunaren zain gaude. Erantzunak jasotakoan, espedientea Diputaziora bidali aurretik berriz bilduko gara falta diren adostasun horiek markatzeko. Urriaren 20tik aurrera bi hilabeteko epea dugu espedientea Diputaziora bidaltzeko, Eguberrien aurretik. Eta gero hark erabakiko du erabakitzen duena. Eta Aldundiaren erantzuna denboran zenbat luza daitekeen ba al dakizue? Ez dakigu, espediente bakoitza mundu bat baita. Ezkio eta Itsaso Frankismo garaian elkartuak izan ziren bi herri dira, eta foru arauak salbuetsi egin ditu horrelako kasuak hainbat baldintza betetzetik. Imanol Lasa diputatuarekin bildu gara, eta hark esan digu teknikariak espedientea aztertzen ari direla, eta haien analisia bi faktoretan oinarrituko litzatekeela; bat juridikoa, eta horri lotuta inportantzia handia emango diotela bideragarritasun ekonomikoari, eta beste alde batetik, herritarren nahia eta parte-hartzea kontutan hartuko luketela. Eta horretan gaude. Udalak duen diru soberakina nola interpretatu behar da? Kudeaketa eredua da. Udala ez da sekula sartu urbanizazio lan handietan eta ezta orain arte oso ohikoak izan diren promozioetan ere, hau da, ez da zorpetu. Horrek ekarri du gerakin majo bat izatea, eta horri esker, ahalbidetu dugu eskola txikiko obrak aurrera eramatea. Irailean estreinatu duzue eskola. Lorpen handia izango zen zuentzat. Lorpena izugarria da, itzela, eskola altxor bat da Ezkio-Itsasorentzat. Iaz 11 ume aritu ziren udaletxeko ganbara behin-behinean, eta aurten 19 daude eskola berrian, 2, 3 eta 4 urteko umeak. Hezkuntza sailak laugarrengo saiakeran eman digu baiezkoa. Eskolako obraren kostua gure gain hartu dugu, eta hezkuntzari eskatu genion irekiera onartzeko eta irakasleak jartzeko. 40 urte gutxienez badira eskolarik egon ez dela udalerrian.
«Udaletxetik ostatura bitarteko errepidean abiadura moteltzeko lanak hastear daude»Eta horrekin batera Santa Lutzi-Anduagako ostatu berria ere estreinatu duzue. Ezkio-Itsasok 600 biztanle pasatxo dauzka, eta 400dik gora beheko ibarrean bizi dira, eta kuriosoa bada ere, jende gehien bizi den gunean ez genuen ezer. Herritarrek eskatzen ziguten topagune bat jartzea. Ostatu horretan, gainera, jangela zerbitzua ere emango zaie eskola umeei, Bertatik Bertara egitasmoaren barruan. Gainontzean, zer beste lehentasun dituzue hasi berri den agintaldiari begira? Hiri arauen plan orokor berria onartu nahi genuke legealdi honetan. Indarrean dagoena aspaldikoa da, hankamotz gelditu da, baina ez da planteatzen aldaketa nabarmenik. Osasun etxe berria sortzeko egitasmoari ere helduko diogu. Mugikortasunari dagokionez, udaletxetik ostatura bitarteko errepide zatian abiadura moteltzeko lanak egingo dira: trazatua estutzearekin bat, oinezkoentzako gunea egokituko litzateke eta bidegorria ere bai. Obrak hastear daude. AHT Abiadura Handiko Trenaren lanak zer fasetan daude? Desjabetzen fasea pasa zen, eta obra garaia ere bukatzen ari da. Txikizio izugarria eragiten dute obrek, eta horiek sortutako eragozpenak ahalik eta txikienak izatea saiatzen ari gara orain.