Gabiria Kopan Txomin Perurena omendu eta ziklistak saritu dituzte, anfitrioirik gabe
Gabiria Koparen lehenengo ekitaldia gaur egin dute, Gabirian. Euskal Herriko txirrindularitza profesionaleko egutegian onenak izan diren txirrindulariak saritu dituzte. Txirrinduzaleen eta hainbat txirrindulariren arteko bazkaria egin dute lehenbizi, eta Txomin Perurena oiartzuarra omendu dute ondoren.
Julen Gabiria idazlearen ideia gaur gauzatu da. Halabeharraren zoritxarrez, berak ezin izan du azkenean festan parte hartu. Urtean zehar, karrera bakoitzean puntuazioak banatuz, euskal errepideetan onenak zein izan diren ebatzi du. Gizonezkoetan Joaquim Rodriguez kataluniarrak batu du puntu gehien; euskal herritarren artean, Ion Izagirre ormaiztegiarrak; eta gazterik onena Kwiatkowski izan da. Emakumezkoetan, sailkapenean eta gazteen artean onena Niewiadoma, eta euskaldun onena Eider Merino.
Gabiriako festan sariturik ez da izan. Bai Gorka Izagirre, Ionen anaia. Hark jaso du oroigarria, Aitor Sarriegiren bertso bat, Gabiria herriaren argazkiarekin eta Ion Izagirrerenarekin. Bertsoa Gorkak berak kantatu du, gainera. Sarituen bideo emanaldiak egin dituzte, Osinalde elkartean. Bazkaltzen 65 lagun elkartu dira.
Perurena, esker oneko
Une gorena, Txomin Perurena txirrindulari eta zuzendari ohiari egin dioten omenaldia izan da. Joane Somarriba txirrindulari ohiak eman dio koadroa. Andoni Egañak jarritako lau bertso dira, Gabiriaren argazkiaren gainean. 1967an, Espainiako Vueltako erlojupeko etapa Villabonatik Zarautzera zela, Aia-Andazarraten behera Perurena nola erori zen gogoratu du Egañak bertso batean, eta zenbat negar egin zuen mutikoak.
Perurenak beste bertso bat bota du, guztiei eskerrak eman ondoren. Profesionaletan ez, baina jubenil zela irabazita dago Aztiriko proba. 1961ean izan zen hori.
Eguneko zoritxarra, hain justu, festaren antolatzaile eta ideiatzaile Julen Gabiriaren erorikoa izan da. Goizean bizikleta txango bat egitera irten dira, eta Beasainen erorikoa izan du galdakoztarrak. Aldakan kolpe handia hartu du, eta ospitalera eraman eta operatu egin behar izan dute. Animoak eta txalo zaparrada handi bat bidali dizkiote Osinalde elkartean bildu direnek Gabiriari.
Txirrindulari ugari
Gabiria Koparen lehen festan, Perurenaz, Somarribaz eta Gorka Izagirrez gain, Murias-Basque Country taldeko ziklista goierritarrak ere izan dira: Garikoitz Bravo, Jon Ander Intsausti, Alex Aranburu eta Pello Olaberria. Han zen Unai Paredes zuzendari ohia ere. Txirrindulari ohien artean, Jose Luis Maioz, Joxe Nazabal edo Jokin Mujika ziren.
Nola Gabiriako, hala inguruko herrietako nahiz urrutiagoko zaletu mordoxka bat ere batu da bazkarira. Datorren urtean jarraitzeko asmotan agurtu dira; orduan, Julen Gabiria sortzailea eta guzti.