Indar-en lehena eta oraina erakusketan jasota
Beasaingo Lemniskata elkarteak Indar enpresaren lehena eta oraina jaso du aurtengo erakusketan. Urtero Goierriko enpresa bati eskaintzen dio erakusketa Lemniskatak, Goierriko enpresek egiten duten lana herritarrei ezagutarazteko helburuarekin. «Erakusketa hauen helburua da, hainbeste arrakasta duten Goierriko enpresa hauek zertan ari diren eta zergatik dauden dauden lekuan erakustea», argitu du Lemniskatako kideak, Jose Luis Etxezarretak. Aurten garbi izan dute zein enpresa aukeratu: 75 urte bete dituen Indar.
Indarren historia laburbiltzen duen argazki ugari bildu dituzte. Hasierako urteetan egiten zuten lehenengo makina ere ikus daiteke erakusketan. Enpresaren bilakaeraz gain, gaur egun munduan barrena egiten dituzten lanak ere ikus daitezke. «75 urte eta gero mugitzen gaituen indarra bera da», dio bilakaera azaltzen duen panelak. Historian zehar Indarren irudi izan diren lau logotipoak ere ikus daitezke.
Ordizian eta Lazkaon Beasainen hilaren 22ra arte egongo da ikusgai erakusketa Usurbe Antzokian; Ordizian, berriz, hilaren 23tik 27ra eta Lazkaon, azaroaren 30etik abenduaren 4ra bitartean. Abenduaren 10ean, berriz, Indarri buruzko hitzaldia egingo dute Igartzan, Lemniskataren Azaroa Zientziaroaren barruan.