Haur danborrada eta Elegante eguna egingo dituzte asteburuan Ormaiztegin
Danbor hotsak entzun daitezke jada Ormaiztegin. Izan ere, haur eta helduak danborradako entseguetan murgilduta dabiltza. Atzo bertan egin zuten entsegua, arratsaldeko 19:00etan. Igandean izango da haurren danborrada, eta egun handirako prestatzen dabiltza gaztetxoenak. Bihar bertan hasiko dira hainbat ekintza Ormaiztegin, nahiz eta festak, ofizialki, ez diren azaroaren 27ra arte hasiko. Orduan emango diote Ander Deunaren jaiei hasiera, baina bitarterako ere egitaraua osatu dute ormaiztegiarrek.
Ostiralean hasiera Umeen show-ak irekiko du festa, bihar 17:30ean. Muxika egurastokian izango da. Arratsaldean, areto-futbol txapelketako final aurrekoa jokatuko dute herriko taldeek. Irabazleek hurrengo astean jokatuko dute final handia. 19:00etan, berriz, Ander Letamendia Loinazek Gure Txistua hitzaldia emango du. Biharko egunari amaiera txosnetako kontzertuek emango diote, 23:00etan hasita.
Guztiak elegante Duela hiru urte hasi zen Zumalakarregi Museoa XIX. mendeko eleganteen bilkura egiten. Horrela, garai bateko jantziekin irteten dira Elegante egunean ormaiztegiarrak. Horrela, elegante jantzita, goizean zehar antzezpenak eta egurrezko kalesan paseoak egingo dituzte, eta herriko denda, taberna zein hainbat txokotan photocall bat jarriko dute, elegantez jantzitakoek bertan argazkiak ateratzeko. Aintzine okindegian elkartuko dira goizean gosari elegantea egiteko. Hori bai, ezinbestean, gosariak XIX.mendeko ukiztua izango du. Pintxo eleganteen II.lehiaketak hartuko du lekukoa ondoren. Aurten pintxoak egiteko osagai nagusia sagarra izango da, eta boto gehien jasotzen dituen pintxoaren egileak garaikurra jasoko du. Bozkatzaileen artean, berriz, Kuko jatetxean otordua egiteko bi lagunentzako saria zozkatuko da. Otorduari helduz, eleganteen bazkaria egingo dute larunbatean, herriko plazan. Gazteek antolatua da, eta tikeak erosteko azken eguna gaurkoa da. Herriko tabernetan daude salgai. Bazkal ondorenean, hainbat ekintza egingo dituzte: bingo herrikoia, XIX.mendeko jokoak, eleganteen dantzaldia. Dantzaldia eliza atarian izango da aurten. Dantzaldia eta gero txokolate beroa hartzeko aukera izango da. Gau aldean, 23:30etan, gazteek antolaturiko kontzertuak izango dira txosnetan.Igandean, berriz, haurrek izango dute protagonismo nagusia. Goizeko 12:00etan hasiko dira gaztetxoak danborrak astintzen, danborrada izango baita herriko kaleetan zehar. Festari jarraipena emateko, 18:30etan beste ikuskizun bat izango da, oraingoan gabiriako Goruntz dantza taldearen saioa. Zubipe kiroldegian egingo dute erakustaldia, eta euskal dantzez gozatzeko aukera ederra izango da.
Historiaren erakusleihoa Bestalde, bihar hasi eta Ander Deunaren egunera arte, azaroak 30, argazki erakusketa egongo da udaletxe azpiko aretoan. Herriko hamaika istori izenpean azken bost urte hauetako argazkiak bildu ditu Angel Elorzak. Kamerarekin bildutako hainbat argazki erakutsiko ditu Elorzak. Historiak, jaiak, tradizioak, ekitaldiak, gertakizunak ikusi ahalko dira erakusketan. Baita kulturari, kirolari eta gizarte gaiei lortutako herriko elkarte eta erakundeen jarduera ere.