Indarkeriaren aurka, bat eginda
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Goierrin. Urretxuk, Zumarragak, Legazpik eta Ezkio-Itsasok adierazpen bateratua adostu duteEmakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin, eta indarkeria...
Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte gaur Goierrin. Urretxuk, Zumarragak, Legazpik eta Ezkio-Itsasok adierazpen bateratua adostu dute
Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin, eta indarkeria matxistarik gabe bizitzeko eskubidea aldarrikatuko dute gaur Goierriko herri askotan. Arratsaldean elkarretaratzeak egingo dituzte hamabi herritan, eta gaiarekin lotutako beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte. Ordizian, esaterako, giza katea antolatu dute herriko hainbat eragileren artean, aurreko urteetan bezala. Altamiratik abiatuko dira, 11:15ean, eta Garagartza plazan amaitu. Plazan indarkeria matxistarekin lotutako esaldiak irakurriko dituzte, eta hainbat bertso abestu. Amaitzeko, bost minutuko isilunea egingo dute. Kimetz emakumeen elkarteak, Oianguren institutuak, Jakintza ikastolak, Goiztiri AEK euskaltegiak, Goierriko bertso eskolak, Ordizia Kolorek eta Ordiziako berdintasun sailak antolatu dute, elkarlanean. Gaiarekin lotutako ikus entzunezkoen emanaldiak ere izango dira gaur Itsasondon, Legorretan, Zaldibian eta Ordizian. Eta asteburuan jarraituko dute ekintzek: autodefentsa ikastaroa egingo dute Itsasondon, maskulinitate tailerra Legorretan eta ipuin kontaketa Zegaman. Adierazpen instituzionala Bai gaur egingo diren elkarretaratzeek, bai aurreko egunetan zein datozenetan egingo diren ekintzek helburu berbera dute: emakumeen aurkako biolentzia gaitzestea. Ez soilik herritarrek, instituzioek ere bai. Urola Garaia Mankomunitateko lau udalek —Ezkio-Itsaso, Legazpi, Urretxu eta Zumarraga—, esaterako, azaroaren 25eko adierazpen instituzionala adostu dute. Arratsaldean Urretxu-Zumarragan eta Legazpin egingo diren elka rretaratzeetan irakurriko dute adierazpen hori. Emakumeen aurkako indarkeriari «gaitzespenik irmoena» egiten dio lau udalek adostutako adierazpenak. Ez soilik indarkeria fisikoari, baizik eta psikologikoari, sexualari edota sinbolikoari. «Emakumeen aurkako indarkeria gizartearen egituran bertan oinarritzen da, eta erakundeetatik geure ardura sozial eta politikoa onartu behar dugu», adierazi du Koldobide Olabidek, Urola Garaia Mankomunitateko presidenteak eta Legazpiko alkateak. Bestelako gizarte bat eraikitzeko nahia azaldu dute adierazpenean, «non pertsona guztiek giza eskubideei begira berdintasunezko eta begirunezko tratua jasoko duten». Hori lortzeko, beharrezkoa ikusten dute udal politika aktiboa, ez soilik in- darkeria gaitzesten duena, baizik eta berdintasunaren alde egiten duena. Bestalde, prebentzioari ere garrantzia ematen diote, gazteekin lan eginez. Ildo horretatik, Beldur Barik programaren pisua nabarmendu dute, «gazteek indarkeria matxista eta sexistari aurre egiteko eta kontzientzia hartzeko prozesuak bultzatzen baititu». Programarekin jarraitzeko konpromisoa hartu dute udalek, besteak beste. Hain zuzen ere, datorren abenduaren 12rako Komiki Mundiala egitasmoa antolatu dute: indarkeriaren aurkako murala margotuko dute gazteek Zumarragako Argixao auzoko pasabidean. Lau hildako Euskal Herrian Urtea amaitzeko hilabeteren faltan, Euskal Herrian lau emakume hil dituzte aurten indarkeria matxista kasuetan. Ekainera bitartean bildutako datuen arabera, bestalde, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan hiru mila emakumek baino gehiagok jasan dute indarkeria matxista. Horietatik %72k bikotearen partetik jasan du indarkeria, eta %21ek familia barruan. EGITARAUA- Ataun. Gaur, 19:00etan, elkarretaratzea San Martingo plazan.
- Beasain. Gaur, 19:00etan, elkarretaratzea Zubimuzu plazan.
- Itsasondo. Gaur, 18:00etan, elkarretaratzea plazan. 19:00etan, La maleta de Marta dokumentala. Gero, solasaldi gidatua. Azaroak 28. 09:00etatik 13:30era, hamabost urtetik gorakoentzako autodefentsa ikastaroa, eskolako aterpean. Izena emateko: Kaxintane tabernan, Lurdes dendan edo 943 88 11 70.
- Lazkao. Gaur, 18:00etan, elkarretaratzea plazan.
- Legazpi. Gaur. 11:00etan, performancea Olazabal institutuko patioan; amaitutakoan, manifestu bat irakurri eta isilunea egingo dute. 18:30ean, elkarretaratzea Euskal Herria plazan, Biolentzia matxistarik gabeko bizitza askeak bizitzeko eskubidea lelopean.
- Legorreta. Gaur, 19:00etan, elkarretaratzea plazan. Gero, film emanaldia eta askaria udaletxean. Azaroak 28. 09:00etatik 13:00etara, gizonezkoentzako maskulinitate tailerra, kultur etxean. Izena emateko: alkatea@legorreta.eus.
- Ordizia. Gaur, 11:30ean, giza katea Garagartza plazara iritsiko da; hainbat esaldi irakurri eta, amaitutakoan, bost minutuko isilunea egingo da. 19:30ean, Txitxarra eta Kilkerra taldearen emanaldia. 19:45ean, Women in black performancea. 20:00etan, elkarretaratzea Plaza Nagusian. 20:30ean, Coria eta itsasoa filma Herri Antzokian.
- Segura. Gaur. 12:00etan, eskolako haurrek mosaikoa egingo dute patioan. 18:30ean, elkarretaratzea plazan.
- Urretxu-zumarraga. Gaur, 19:00etan, elkarretaratzea Areizaga Kalebarren plazan, Biolentzia matxistarik gabeko bizitza askeak bizitzeko eskubidea lelopean. Abenduak 12. Komiki Mundiala egitasmoa. Herriko gaztetxoek murala margotuko dute Zumarragako Argixao auzoko pasabidean.
- Zaldibia. Gaur, 18:00etan, Eraso sexistei aurre egitearen zilegitasuna dokumentala, Karreane kultur etxean. 19:30ean, elkarretaratzea plazan.
- Zegama. Gaur. Goizean, indarkeria sexistaren gaineko hausnarketa prozesuaren amaierako ekintzak, eskolan. 19:00etan, elkarretaratzea udaletxe aurrean. Azaroak 28. 16:00etan, Josune Azurmendik Koloreak ipuina kontatuko du, kultur etxean.