Tolosan, 17:30ean, Usabal kiroldegian jokatuko da bertso txapelketako bigarren final erdia. Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran eta Unai Agirre ere ariko dira oholtzan.
Ander Lizarralde (eskuinean) irabazi zuen Ormaiztegiko saioa. Iñaki Apalategi hirugarrena izan zen. Arg.: Angel Elortza.
Gipuzkoako bertso txapelketa ari da bukaerara iristen; abenduaren 19ko finalaren aurretik bi final erdiko besterik ez dira gelditzen. Bihar, Tolosako (Gipuzkoa) Usabal kiroldegian, 17:30ean, bigarren final erdikoa jokatuko da. Bi goierritar ariko dira bertan lehian: Iñaki Apalategi beasaindarra eta Nerea Elustondo legazpiarra. Ondoan izango dituzte Beñat Gaztelumendi, Beñat Lizaso, Oihana Iguaran eta Unai Agirre. Saioko irabazlea zuzenean sailkatuko da finalerako. Momentuz, Alaia Martin oiartzuarra da finaleko txartela eskuan duena. Hiru final erdietako hiru irabazleez gain, beste bost bertsolarik, puntuazioaren arabera izango dute finalean kantatzeko aukera.
Iñaki Apalategi
Duela lau urteko finalean lekua izan zuenetako bat Iñaki Apalategi beasaindarra da. Aurtengo txapelketari dagokionean, orain arte txapelketako saio bakarra (Ormaiztegin) jokatuta iritsi da final erdietara.
Apalategi gogotsu dago biharko saioari begira. Lasai dago momentuz: «Etorriko dira nerbioak, baina lasai nago oraindik». Biharko saioan «bertsolari onak» ariko dira eta gustura dago horrekin. «Saio ona izango da biharko. Bertsolari onak daude eta beste ahalegin bat egitera behartuta gaude. Gure esku dago ondo egitea», aitortu du Apalategik. Tolosa plaza ona dela dio, nahiz eta oroitzapenik onegirik ez duen: «Duela zortzi urte bertan jokatu zen final laurdenetako saioan txapelketatik kanpo gelditu nintzen». Hala ere, Gipuzkoako txapelketa guztietako finaletan beti goierritarren bat izan dela gogoratu dio Aitor Sarriegi beasaindarrak: «Nire eskutan dagoen guztia egingo dut».
Hala ere, txapelketan egin beharreko lanak « zelebreak» direla uste du Apalategik. «Aurreko fasean puntuari erantzuteko ariketarik ez genuen izan, oraingoan zortziko handirik ez dugu… eta ordena ere zelebrea da. Baina denontzat berdina da lana eta hori ez da aitzakia izango».
Nerea Elustondo
Biharko saioan ariko den bigarren goierritarra Nerea Elustondo legazpiarra da. Txapelketako hirugarren saioa izango da Tolosakoa berarentzat; final zortzirenetako saioa Azpeitian jokatu zuen eta final laurdenetakoa Urretxun. Pausoz pauso aurrera badoa ere, hasierako helburua, lortzeko du oraindik: Euskal Herriko txapelketarako txartela lortzea. Elustondok azpimarratu duenez, Gipuzkoako txapelketako lehenengo hamazazpi bertsolarik eskuratuko dute Euskal Herrikorako txartela, baina «finalerdietan hemezortzi gara. Azkena ez egitea lortzen badut gustura, beraz».
Beste helburu bat ere badu Elustondok biharko saioan: «Egindako saioarekin gustura gelditzea. Orain arteko bi saioetan ez naiz oso gustura gelditu eta ea hirugarrengoan gusturago gelditzen naizen». Biharko saioko «kartela polita» dela dio, «baina kartelek ez dute bertsotan egiten. Dena den, bertso saio txukuna ateratzeko kartela da. Final erdietan ez dago kartel eskasik. Ea tokatzen zaigunera ondo moldatzen garen».
Sarriegiren esanari jarraituz, goierritarren bat finalean izateko tradizioari eutsiko ote zaion galdetuta honakoa erantzun du legazpiarrak: «Bietako bat sartzearekin beteko litzateke. Hori ez dago gure esku bakarrik. Pentsatu nahi dut tradizioak jarraituko duela».