Hirugarren egin du Tolosako final erdiko saioan puntuazio altua lortuta. Nerea Elustondo legazpiarrak bosgarren egin du. Igandeko Eibarko saioan erabakiko da zortzi finalisten zerrenda
Final erdiko saio baten faltan, badirudi, aurten ere goierritar bat izango dela Gipuzkoako bertso txapelketako finalean. Iñaki Apalategik aukera handia du finaleko txartela lortzeko, Tolosako saioan puntuazio nahiko altua eskuratu baitzuen: 493 puntu. Nerea Elustondo bosgarren izan zen saioan (476 puntu) eta oso zail du finalean sartzea.
Orain arte bi bertsolarik dute bermatua finaleko aulkia: Zarauzko final erdikoa irabazitako Alaia Martinek eta Tolosan irabazitako Unai Agirrek. Igandean, Eibarko saioko irabazlea izango da hirugarren sailkatua eta gainerako boskotea, puntuazioaren arabera aukeratuko dute. Apalategi, momentuz, hirugarren postuan dago.
Bi goierritarrak pozik
Apalategi beasaindarra gustura dago igandeko saioaren emaitzarekin: «Hanka erdia finalean dut, baina bestea falta». Egindako lanarekin gustura gelditu zen gainera, «zortziko txikiko lana kenduta». Penatxo bat badu, dena den: «Puntu pare bat gehiago atera ez izana Labururengandik gertuago egoteko». Eibarko saiora ez da joango, baina lagunen mezuen zain egongo da finaleko txartela ziurtatua duela jakiteko.
Nerea Elustondo ere gustura dago, txapelketa honetako helburua bete baitu: bi urte barru jokatuko den Euskal Herriko txapelketarako txartela eskuratzea.
Legazpiarrak zailagoa, ia ezinezkoa, du finalean sartzea. «Eibarren katastrofe bat gertatu beharko litzateke ni finalean sartzeko eta finalak ez dit lorik kentzen», aitortu du Elustondok. Alegia, bertsolari guztiek 476 baino puntu gutxiago lortu beharko lituzkete. Tolosako saioarekin «oso gustura» ez zen geratu Elustondo, baina «erabat disgustora» ere ez: «Tarteka entzulearengan iristea lortu nuen eta horrekin gustura nago».