Lazkaoko herri sarrera aldatzen
Hiribarren kaleko eraikin zahar batzuk eraitsi egingo dituzte, eremu hartako hirigintza garapenak eraginda. 'Hojalateria' gaur botako dute, 'Letxeria' eta Hiribarren 4 eraikinak abenduan zehar. Historiaren zati bati, agur.Herriaren sarrera asko aldatuk...
Hiribarren kaleko eraikin zahar batzuk eraitsi egingo dituzte, eremu hartako hirigintza garapenak eraginda. ‘Hojalateria’ gaur botako dute, ‘Letxeria’ eta Hiribarren 4 eraikinak abenduan zehar. Historiaren zati bati, agur.
Herriaren sarrera asko aldatuko da datozen asteotan, Lazkaon. Hiribarren-Iturgaitza aldeko garapen urbanistikoan aurreikusita bezala, etxe zaharrak botatzeko lanek aurrera segitzen dute. Uztailaren 27an Pax etxea bezala, orain Hiribarren kaleko beste hiru eraikini iritsi zaie historiara pasatzeko txanda.Senpere aldetiko sarrera-sarreran dagoen Hojalateria (Hiribarren 16) gaur hasiko dira botatzen. Lazkaoko udalerriaren seinaleak ditu, beheko horman. Ondoren, abenduan zehar, Letxeria zena (Hiribarren 6-8) eta Hiribarren 4 eraikinak ere suntsituko dituzte. Horien tokian etxebizitza berriak egitea aurreikusten du Hirigintza Planak.
Aurrerago, Hiribarren 10 etxea ere botatzea aurreikusita dago. Kale horretan, 12 eta 14 zutik geratuko dira, ahaide zaharren lekuko eta ordezkari.
Lazkaoko kaskoaren eremu zaharrena da, gaur egun, San Migel elizatik Beasainerantz dagoen alderdia. Eraikuntza berriekin, atzera biziberritzeko eta bizileku-gune izateko bidean da.
Eraldaketaren fase hau, berez, aurreko astean hasi zen. Iturgaitzaga aldean, saihesbidearen ertzean zeuden Iturrialdea eta Zabalegi etxeak desegin zituen hondeamakinak.
Dendak eta tailerrak
Behinolako jardueraren eta biziaren seinale, orain botako dituzten eraikinetan entzute handiko dendak egon ziren, garai batean. Hojalateria deitzen dioten etxean, adibidez, Juanita Irizar Izaren (Lazkao, 1914-2004) denda zegoen. Juanitaenea ere esaten zioten. Denetik izaten zuen dendan: janaria, ogia, lehen beharreko denetariko produktuak… Baina baita bitxiak, belarritakoak, baxerak, sukaldeko tresnak eta bestelako gailu ugari ere.
Zenbait gai, adibidez, Legazpiko Lenbur museora eraman dute, ondare balioa dutelako.
Letxerian, berriz, esnea bildu eta gurina-eta ekoizten zen, garai batean. Aurrean, denda bat eta modelo tailer bat ere bazeuden. Atzealdean, beste tailer bat.
Bi atari ditu Letxeriak, denera hamabi etxebizitza. Egunotan aritu dira bizilagunak azkeneko trasteak eta gauzak ateratzen.
Eraitsiko dituzten etxeen ordezko eta truke, errealojoko bizitza berriak jaso dituzte bizilagunek. Dagoeneko giltzak eman dizkiete, Lazkao Lantzen eraikuntza-sustapenerako udal enpresaren bidez.
Zirkulazioan mozketak
Gaur eta aurrerantzean, Hiribarren kaleko etxeen eraispen lanak burutzen dituzten bitartean, zirkulazioa moztuko dute, tarteka. Errei bat itxi, eta txandaka bideratuko dituzte bestetik ibilgailuak. Ataun aldeko sarrera erabiltzeko eskatu du udalak.