Gipuzkoako bertso txapelketako bigarren finala jokatuko du Iñaki Apalategik (Beasain, 1982). Duela lau urte lortutako laugarren postua hobetzen saiatuko da etzi Donostiako Illunben, 17:00etatik aurrera

Iñaki Apalategi.
Finalera iritsi aurreko bi saioak ondo gainditu dituzu. Azkeneko erronka falta zaizu orain.
Lehenengo helburua final laurdenak ziren, gero final erdiak eta orain finala. Finalean gaudenez ahal dugun guztia egin behar dugu. Aurreko saioetan egin dudana ikusten eta aztertzen aritu naiz: non asmatu dudan, nola errepika dezakedan, asmatu ez dudanetan zergatik izan den… Fasetik fasera hobeto sentitu naiz eta orain askoz ere hobeto nago. Hasi ginenetik ondoena oraintxe ikusten dut nire burua. Gogoa daukat larunbata iristeko.
Txirrindulariek Tourrera ondo iristea helburu izaten duten bezala, zu finalera puntu onean iritsi zara, beraz.
Baietz ematen du, gero han ikusiko da. Nik horrela iritsi nahi nuen. Gero badakigu egun batean edozer gauza gerta litekeela. Nik nahi dudan saioa eginez gero, aurrean ibiliko naizela uste dut.
Orain dela lau urte laugarrena egin zenuen. Hobetzea duzu erronka?
Nik uste dut orain dela lau urteko finalean edozerekin egongo nintzela gustura, eta poz handia izan zen laugarrena egitea. Erakutsi nuen finalean ez nengoela kasualitatez. Aurtengo finalean gauden guztiok txapelketaren hasieran denok sinatuko genuke zortzigarren egitea, baina hori ziurtatuta daukagunez, helburutzat ezin da bermatuta dagoen zerbait jarri; eta aurrekoan laugarren egin zuenak gora begiratu behar du. Hiru koska bakarrik daude aurretik eta buruz burukoan sartuz gero bi.
Finala irekia dela esaten da.
Bai, nik uste dutsentimendu bera daukagula denok. Hautagai asko ikusten ditut nik, neroni ere bai. Horrek esan nahi du egun horretan gehiena asmatzen duenak paper asko izango dituela txapela irabazteko.
Hamabost bertso kantatu behar finaleko finalera iristeko.
Eta buruz burukoan beste bederatzi. Zortzi hautagai gaude eta denak aukera bera dugu. Badakit jendearentzat denak ez direla hautagaiak izaten, baina norberak bere buruarengan sinestu behar du. Finalera ailegatzen dena ez dago inoiz kasualitatez eta irabazteko gaitasuna dauka.
Zenbatgarren kantatu erabakitzeko zozketa egiten da. Garrantzitsua izaten da hori?
Bakoitzak bere maniak dauzka; bat zenbakia inori ez zaio gustatzen. Nik aukeran nahiago dut jendeak hobetzat dituen bertsolariekin jardutea. Azken finean, nahiz eta zortzik eduki aukerak, jendeak hiru- lau ditu buruan eta ondo dago horiekin egokitzea, jendeak haiekin konpara zaitzan. Parez pare neurtzea beti da ona.
Gaietan ere aldea egoten da. Orain arteko saioetan zer moduzko gaiak jarri dituztela iruditzen zaizu?
Ezin naiz kexatu egokitu zaizkidan gaiekin. Beharbada zailena eduki dudanetan atera naiz ondoen. Puntuen erantzun konplikatu batzuetan ia distirarik gehienarekin aritu naiz. Besteren batzuen gaiagatik pentsatu izan dut eskerrak ez zaidan niri tokatu. Baina salbuespenak izan dira; orokorrean gaien maila bermatuta egon da.
Txapelketa prestatzeko bertsolariak taldeka elkartzen zarete. Zuk norekin prestatu duzu txapelketa?
Laguntasun handia daukat Jon Martin oiartzuarrarekin eta orain lau urtetik Oiartzun eta Errenteria arteko auzo batean, Zamalbiden, elkartu gara astero. Bertsolari dezente elkartu gara gainera aurten; finalistetatik Jon Maia, Alaia Martin, Xamoa eta lauok han elkartzen gara. Horretaz aparte, Gema Urteagarekin eta Aitor Sarriegirekin elkartzen naiz asteartero Beasainen. Bestetik, kuadrillako bat, Mikel Urteaga, bakarkako gaiak jartzen aritzen zait. Egia esanda asko eskertzen diot, azkeneko urteetan alde handia egin dut eta ariketa horretan.
Txapelketa honetan puntuaziorik altuena lortu izan duzu bakarkako lanetan.
Bai, nik daukat bai puntuaziorik altuena. Kuriosoa da, bertsotan hasi nintzenean nire puntu ahula bakarkakoa izaten zen. Ofizioetan askoz ere erosoago sentitzen nintzen. Nik uste dut pertsona bezala egindako ibilbideak eta bizitza ikuspegia bertsoetara eramatea izaten dela gakoa. Hala ere, jendeak ikusten du sekulako puntuazioa atera dudala bakarkakoan, baina nik ez daukat segurantza handirik horrelako lan bat puntuak erantzuten edo ofizioetan baino hobeto egingo dudanik. Ni denetara noa jakin-min berdinarekin eta beldur berdinarekin.
Bertsotarako gaiak sozialagoak, emozionalagoak… dituzu nahiago?
Esaten dute gai sozialetan oso ondo moldatzen naizela. Hala ere ez dut ikusten gai horietan hain ona eta besteetan makalagoa naizenik. Bakarka bide tipikotik ateratzea gustatzen zait. Gaiari beste buelta bat ematen saiatzen naiz, baina egia da beti ezin dela egin, denbora mugatua dago eta. Orain arte txapelketan oso gustura gelditu izan naiz saiakera horrekin. Bihar, plaza handienean hori erakustea falta da orain.
Finalista izanda urtean zeharreko bertso saioetan nabari izaten al da?
Lehenengo urtean nabaritzen da, batez ere finala pasa berritan: plaza gehiago eta beste «kategoria» batekoak izaten dira. Hori lehenengo urtean. Kopuruan baino gehiago «katxean» nabaritzen da, deitzen dizun jende motan.