Laugarren urtez antolatu du Lemniskata elkarteak. Matematika eta zinema uztartuko dituzte aurten Goienizekin elkarlanean. Ostiralean hasiko da Igartzan
Abel Martin
Lemniskata zientzia elkartearen lanari esker, azaroa zientzia aroa izaten da Beasainen, eta urtarrila, berriz, matematikaren bila aritzeko hilabetea. Laugarren urtez jarraian,
Urtarrila, matematikaren bila zikloa antolatu dute, eta ostiralean hasi eta otsailaren 12ra bitartean, matematikarekin eta zinemarekin lotutako hainbat ekintza egingo dituzte. Aurtengo gaia matematika eta zinema izaki, Goieniz zine klubarekin elkarlanean aritu da Lemniskata. «Ziklo honekin saiatzen gara jendeak matematikaren inguruan duen jarrera eta esperientzia aldatzen. Askotan matematikarekin sufrimendua lotzen dugu. Guk matematika atsegina, alaia, erakargarria… erakutsi nahi dugu», dio Jose Luis Etxezarreta Lemniskatako kideak.
Matematikari ugari gonbidatu dituzte Beasainera. Hasteko, ostiralean, Abel Martin matematika irakasleak Simpsondarren bidez azalduko du matematika. Fernando Blasco berriz gonbidatu dute eta matematika oinarri duen matemagia egingo du. Manuel de Leon eta Jose Maria Sorondo ere izango dira.
Argazki erakusketa
Bestetik, II. Lemniskata matematika argazki lehiaketako sari banaketa hilaren 15ean egingo dute. Ondoren, erakusketa jarriko dute Usurbe Antzokian, 22ra arte; Ordizian 25etik 30era eta Lazkaon otsailaren 1etik 5era.