Oraindik ere obratan dagoen Urbialde plazan lekua egin dute ekitaldia ospatzeko.
Beasaingo Andramendi Ikastolak, hainbat eta hainbat urteetako borrokaren ondoren, irailetik aurrer0a DBH zikloa ere eskaini ahal izango duela ospatu du gaur eguerdian Urbialderen plazan. Gela prest dituzte dagoeneko eta ikasleekin, ikasle ohiekin, gurasoekin, bazkideekin, irakasleekin eta hainbeste urtean ixilean lagundu dietenekin ospatu dute festa. Dantza eta musika izan da jaialdiko protagonista nagusiak.
Beasaingo Udaleko hainbat zinegotzi izan dira gonbidatuen artean, EAJko Ekarni Arrieta, Leire Artola eta Irma Arnaiz, PSE-EEko Alfonso Segade zinegotzi ohia, eta EH Bilduko Koldo Agirre, Aitor Larburu eta Zezilia Herrador. Ordiziako Jakintza eta San Benito ikastoletako zuzendariak ere izan dira, baita Ikastolen Federazioko lehendakaria, Koldo Tellitu ere.
Aimar Larrea Ikastolako lehendakariak ekitaldian esan duenez, “gaurko festa honek Beasaingo Ikastola ziklo berri baten atarian jartzen du. Eskerrak eman nahi dizkiet batez ere korapilo hau askatzen lagundu diguten erakunde eta bitartekari guztiei. Eta bereziki, momentu zailetan, iparra galdu ez duen bi kolektibo aipatu nahi ditut: ikastolako langileak eta gure aurretik artezkaritza kontseilua osatu duten bazkide guztiak”.
Tere Irastortza Ikastolako zuzendariak Ikastolako familia guztiei eskerrak eman dizkie DBH eskaintzeko obra guztiak bukatu ditugula ospatzeko jaira etortzeagatik. “Sehaskatik hasi eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza bukatu arteko eskaintza eskainiko dugu datorren ikasturtetik aurrera”. Era berean, Irastortzak bereziki gogoratu nahi izan ditu “Beasaindik kanpoko ikastolakideak ere. Bereziki, gu bezala, publifikazioaren legearekin, ikastolaren proiektuari heltzeko adorea erakutsi eta bidelagun izan ditugun Azpeitikoak, Leioakoak, Elorriokoak eta momentu honetan Iparraldean erronkari lotu zaizkienak”. Azkenik, eskerrak eman dizkie “geure hitza izan ez dugunean, geure izenean aritu izan nahi duzuen guztioi. Eta guztioi adierazi nahi dizuegu zein harro gauden ikastolan ikasi dugun guztiarekin. Gure ikasle ohiak bihurtu dira orain irakasle, guraso eta juntakide. Beraiena da orain ikastolaren etorkizuna”.
Irma Arnaiz Beasaingo Udaleko Hezkuntza zinegotziak zorionak eman dizkie Ikastolako komunitate osoari: “Bai guraso, bai ikasle eta bai irakasleei ere. Gaurko protagonistak ikasleak ditugu. Hemen lortu dena izugarria da. Helburu oso desberdinak lortu dira bi urteko luzapen honetan. DBHko ikasleak hemen mantentzea, ziklo aldaketa hori oso gogorra denean eta lortzea ikasleek espazio, hezkuntza sistema berean, laguntalde berarekin eta profesional talde berarekin aritzea altxor bat lortu duzue. Asko kostatako altxor bat da eta zoriontzen zaituztet horregatik”.
Era berean, eskerrak eman dizkie ikastolako arduradunei “Beasaingo Ikastola Beasainerako klabe bat delako. Hamaika helburu lortzen dituzue baina horietako bat euskararen bermea da. Eta beste alde, aniztasunaren trataera ikastola honen beste altxor bat dela azpimarratuko nuke. Beasaingo Udala urte askotan eduki duzuen bezala zuen alde dago, zuei laguntzeko eta hogei urtean hainbeste oztoporekin hau lortzea meritu handia dela azpimarratu nahiko nuke”.