1926ko otsailaren 2an egin zen astearteko lehenengo azoka ofiziala. Garai bateko eta gaur egungo herriko hogei baserritar omendu ditu udalak
Beasaingo baserritar omenduak. Arg.: Juantxo Unanua.
Aurretik ere baserritarrek euren produktuak kalean saltzen jartzen bazituzten ere, 1926ko otsailaren 2a da Beasaingo asteroko azoka ofizialaren hasieraren data. Jose Guridi zen orduko alkatea eta Loinazko San Martin plaza zen azokaren kokalekua, bai goia eta bai behea. Dena den, gaur egungo Bideluze plazan, pilotalekuan, ganadu peria ere egiten zela jakinarazi du Josetxo Zufiaurrek.
90. urteurrenaren aitzakian, urte hauetan guztietan Beasaingo azokaren parte izan ziren eta diren hogei beasaindar baserritar omendu nahi izan zituen atzo Beasaingo Udalak.
Testigantzak
Basarte Goikoa baserriko Pakita Goitia izan zen horietako bat. 70 urte daramatza astearteetan eta ostiraletan Beasaingo azokara etorriz. «12 urterekin hasi nintzen marmitarekin esnea partitzen. Lehenengo ahizpa zaharragoa hasi zen perira etortzen eta gero ni». Astoan jaisten zituzten salgaiak herrigunera. «Asko saltzen zen. Ni akordatzen naiz, orduan kaminorik ez zegoen, saskikadak sagar ekartzen genituela. 07:30eko mezatako jendea etortzeko zain».
Gaur egun ez da horrelakorik Goitiaren esanetan. Tristuraz eta kezkaz begiratzen dio orainari eta etorkizunari. «Erosle gazterik ez dator eta zahar gehienak erretiratzen ari dira».
Atari Eder baserriko Maria Rosario Txintxurretak ia 57 urte daramatza azokara joaten. Juli Aierbe koinata izaten du lagun. Maria Rosariok gogoratzen duenez, «ama hasi zen etortzen. Esnea ekartzen zuen eta horrekin batera baratzean zegoena».
Azokak urte onak bizi izan baditu ere, etorkizuna ez dute oso baikor ikusten: «Lehen, garai batean oso ondo saltzen zen. Orain dena jota dago. Jendeak ez du ezer ere estimatzen. Gaur egun leku guztietan jarri dituzte barazkiak saltzen. Gazte jendea lanean dabil eta ez da hona etortzen, eta zaharrak ere bukatzen ari dira».
Josetxo Mendia Beasaingo azokara iritsi den azken saltzailea da. «Saltzaileak adinean aurrera doaz eta denborarekin gero eta gutxiago izango dira. Bestalde, kontsumoa gero eta txikiagoa da. Kontsumo ereduak aldatu egin dira eta nola egokitu asmatu beharrean gaude».
Aukeratako bat, azokaren eguna aldatzea izan daitekeela dio. «Horretarako inkesta bat egin beharko litzateke ea herritarrak prest dauden larunbatetan erosketak egitera azokara etortzeko», dio Mendiak.
Ordutegia aldatzea ere beste aukera bat izan daitekeela uste du: «Goizean 07:30erako hemen egoten gara eta 10:00ak arte elkarri begira egoten gara. Beranduago hasi eta beranduago bukatzen hasi dira zenbait lekutan, 14:30-15:00ak aldera arte, erreleboan lan egiten duenak ere aukera izan dezan etortzeko».
Pakita Goitiak, Maria Rosario Txintxurretak eta Josetxo Mendiak argi dute «martxa honetan ez ditu beste 90 urte beteko. Aldatu beharrean gaude».
Omendutakoak
Angela Lasa. Basartetxiki.
Pilar Urkiola. Agirrebarrena.
Bittori Goitia. Agirrebarrena.
Joxepa Bergara. Gantzarain.
Pakita Goitia. Basartegoikoa.
Kontxita Aranburu. Murugoena.
Joanita Ganzarain. Untsarain.
Inaxi Aranburu. Arteta.
Rosa M. Saldaña. San Andres.
M. Teresa Zaldua. Arizmendi.
J. Urretabizkaia. Muruazpi.
Bittori Garmendia. Saltsamendi.
M. Luisa Urrestarazu. Ondarre.
Joxepa Elustondo. Ugartemendi.
JoanitaTxintxurreta. Txintxurretaenea.
Rosarito Txintxurreta. Atarieder.
Juli Aierbe. Atarieder.
Maria Jesus Aizpuru. Erdikoetxe.
Pakita Barandiaran. Garinarrese.
Josetxo Mendia. Altzibar.