Zaborra uzteko garaian garbitasuna eta gaiak bereiztea indartu nahi du udalak. Ostalaritzak ontzietan atera behar du, egun jakinetan zabor mota bat. Bailaran 2. birziklatze tasa txikiena du
Gabirian etxeko hondakinen bilketan izan diren zenbait arazo saihesteko neurri batzuk hartu dituzte udalak eta Sasieta Mankomunitateak. Batetik, bilguneek gainezka egitea eragozteko eta garbitasuna mantentzeko, ateak giltzaz itxita jarri dituzte; bestetik, sortzaile berezientzat bilketa bereizia jarri dute, ontzi bidez eta hondakin mota bakoitza egun jakin batzuetan jasota.
Otsailaren lehenarekin batera aldatu dute sistema. «Zabor bilketa guneetan utzikeria ikusi dugu, eta zenbait garaitan gainezka egon dira. Ongizate Batzordean lehenengo, eta osoko bilkuran gero, erabaki zen sortzaile bereziak aparte jartzea», azaldu du Gabiriako alkate Iñaki Etxezarretak.
Hala, ostalaritzarekin bilketa aparte egingo dute. Jatetxeek, tabernek, aterpetxeak eta elkarte gastronomikoek ontzietan atera beharko dituzte hondakinak. Lau toki izendatu dituzte horientzat: herri gunean eskola atzean, Korta alboan, Aztiriko tabernaren atzean eta Bekoerrota aterpetxearen ondoan.
Organikoa astelehen eta ostegun gauetan atera beharko dute; paper-kartoiak astearteetan, ontzi arinak astelehenetan eta errefusa igandeetan. Kamioia hurrengo goizean 06:00etatik aurrera pasatuko da hustera.
Etxeetarako giltza berezia
Etxebizitza arruntetarako, beste alde batetik, giltza magnetiko bana banatu du udalak, etxe bakoitzera. Bilguneko atea txartelarekin soilik ireki ahalko da. «Inguruko herrietatik» zaborra ekarri izan dela sumatu dute —orain arte irekita egon dira—, eta hori eragotzi nahi da.
Bilketa sistema berriarekin udalari 9.000 euro pasa garestituko zaio zerbitzua. «Bilguneei erabilera hobea eman nahi zaie», aurreratu du alkateak.
Zabor poltsak bilguneen kanpoaldean edo edukiontzietan sartu gabe uzten dituztenekin neurriak hartuko ditu udalak, inor erabilpen desegokia egiten ikusiz gero.
Birziklapen tasa baxuak ere kezka eragin du udal arduradunen artean. Gabiriak —497 biztanle— Goierriko bigarren datu kaskarrena utzi zuen 2015ean, urtarriletik abendura bitarteko zabor metaketan. Zabortegira 65.200 kilo hondakin bidali ziren Gabiriatik, urte osoan; birziklatzeko bereizita, berriz, 50.492 kilo jaso ziren. %44ko gaikako bilketa da hori. Zumarragak bakarrik du datu okerragoa Goierrin (9.950 biztanlerekin), %40ko tasarekin.