Beasainen errefusa biltzeko astean bitan irekiko den edukiontzi grisa jarriko dute
Beasaingo Udaleko hiru alderdi politikoek adostasuna lortu dute. Edukiontzi berdea kenduko dute. Organikoaren txartel berberarekin irekiko da. Kanpaina egingo dute.
Beasainen hondakinen gaikako bilketan eta birziklatzean urrats bat gehiago egin nahi dute. Horretarako, Beasaingo Udala osatzen duten hiru alderdi politikoek adostasuna lortu dute errefusa bakarrik biltzeko (birziklatu ezin daitekeena) edukiontzi gris itxia jartzeko. Txartelaren bidez, astean bitan irekiko da edukiontzi berria. Oraindik erabakitzeko dute asteko zein bi egunetan erabili ahal izango den. Edukiontzi grisa organikoarentzako erabiltzen den edukiontzi marroiaren txartel berarekin irekiko da. Hori bai, organikoaren edukiontzia noiznahi irekitzeko aukera izango da eta edukiontzi grisa, astean bitan. Gaur arratsaldean udaletxeko batzar aretoan prentsaurrekoan Aitor Aldasorok, Koldo Agirre, Santi Urdanpilleta eta Sasieta Mankomunitateko Iñaki Erauskinek eta Enrike Enparantzak azpimarratu zutenez, “Beasainek urteak daramatza hondakinen gaikako bilketa eta birziklatzea sustatzen. Azken bi urteetan zabor-tasetan hobariak ere eman ditu udalak materia organikoaren bilketari bultzada eman asmoz». Bide horretan, «denon artean %47ko ehunekoa jo dugu,baina ez da oraindik nahikoa. Jauzia eman eta gutxienez %70 edo gehiago lortzeko unea iritsi da, ingurumen arrazoiak eta arrazoi ekonomikoak tarteko», zehaztu dute agerraldian. Aitor Aldasorok nabarmendu duenez, «lotsarik gabe esan behar dugu, oraindik Beasainen bide luzea dugula egiteko. Kontzientzian ikusi besterik ez dago, ditugun puntuak zaborrez gainezka nola egoten diren. Horren erru bat da ditugun edukiontziak nolakoak diren. Aho handi horretatik edozer sartzen da. Grisarekin espero dugu pauso bat ematea, inguruko herrietan eman den bezala». Edukiontzi gris berriak udazkenerako jartzea aurreikusten dute, baina aurretik sentsibilizazio kanpaina egingo dute, «bereziki hondakinak oraindik bereizten ez dituztenei edo informazioa behar dutenei zuzendua». Kaleko edukiontzi gris itxiak batez ere, etxebizitzetarako eta oso errefusa gutxi sortzen duten denda txikientzako izango dira. Denda handiagoentzat errefusa bilketa pertsonalizatu bidez jasoko zaie, beraiei emandako edukiontzi gris indibidualen bidez. Organiko asko sortzen dutenei ere, era pertsonalizatuan edukiontzi marroi indibidualen bidez biltzeko aukera emango zaie.
Kanpaina Edukiontzi grisa jarri aurretik informazio kanpaina egingo dute. Sasieta Mankomunitateko Ingurumen teknikari baten bisita jasoko dute dendetan, sistema berriari buruzko informazioa emateko eta bilketari berehala ekiteko behar duten materiala aztertzeko. Etxeetara ere gutunak bidaliko dituzte, herritarrak txartela egitera gonbidatuz.