Beasaingo Aurtzaka, Dantzaki eta Ostadar dantza taldeekin dantza saio bateratu berezia eskainiko dute lehenengo aldiz bihar Usurbe Antzokian, 19:00etan. Euskal dantzak eta aretoko dantzak uztartuko dituzte.
Amaia Alvarez eta Irati Otamendi (Ostadar), Jone Berasategi (Dantzaki) eta Laida Antxia (Aurtzaka)
Talde bakoitzak bere dantza ikuskizunak prestatzen ditu, baina oraingoan, elkarlanean ariko dira Beasaingo hiru dantza talde: Aurtzaka, Dantzaki eta Ostadar. Bihar, 19:00etan, dantza emanaldi berezia ikusteko aukera izango da Usurbe Antzokian. Sarrerak 3 euroan daude salgai.
Euskal dantzak egiten dituzte Aurtzakak eta Ostadarrek; areto dantzak Dantzakik. «Bakoitzak gure ikuskizunak prestatzen ditugu urtean zehar eta gure ikusleak ditugu. Oraingoan, denak elkarrekin parte hartuz, guztion ikusleak nahastu eta dantza bere orokortasunean eskaini nahi dugu», diote antolatzaileek.
Egitasmo berri horrekin «dantza bere zabaltasunean» eskaini nahi diete herritarrei. «Dantza adierazteko modu bat da, Beasainen mota desberdinetako dantzan jende asko mugitzen gara eta hori da azaldu nahi duguna. Beasaingo dantzariak ikuslegoaren aurrean azaldu nahi dugu, orokortasun guztian. Berria da, inoiz egin den zerbait egingo dugulako».
Hiru atal
Dantza talde bakoitzak bere errepertorioa taularatuko du. «Gustura saiatuko ginateke estilo desberdinak fusionatzen, baina ideia sortu zenez geroztik ez dugu horretarako denborarik izan, beraz, parte hartuko dugun hiru dantza taldeek bakoitzak bere errepertorioa taularatuko dugu». Dantza ikuskizunak, beraz, bloke desberdinak izango dituela aurreratu dute, baina «dantza talde desberdinek nahasian parte hartuko dugu».
Elkarlanaren bidetik
Elkarlanaren lehenengo urratsa izatea espero dute hiru dantza taldeek: «Zalantzarik gabe elkarlanean jarraitzea gustatuko litzaiguke. Lehen ikuskizun bateratu honen ondoren, ideia berriak sortzea espero dugu eta herrian dauden beste dantza talde batzuk ere animatzea».
Dantzaren onurak
Dantza ikuskizunak ere badu beste helburu bat: «Gure gazteria dantzaren onuraz ohartaraztea da gure helburua, dantzak ematen duen poza eta elkartasuna gozatzen ikas dezaten». Talde baten kide izan gabe ere, «kalean sortzen diren dantzarako paradak aprobetxatu ditzatela, eta adierazpen modu honetaz baliatzen ikas dezatela», diote.