Ezhoiko udal bilkura izan dute gaur Ezkio-Itsasoko Udaletxean. Bertan, Itsaso herri eremua Ezkio-Itsaso udalerritik bereizteko eta udalerri berria izateko espedientea onartu dute aho batez. Bihar bertan, aldundira eramango du espedientea Garikoitz Aiesta alkateak.
Aldundiarena da azken erabakia. Dena den, ezkioarrak eta itsasoarrak konbentzituta daude erantzuna baiezkoa izango dena. Izan ere, legeak eskatzen dituen baldintza guztiak betetzen dituzte. Besteak beste, 1964an herritarren iritzirik eskatu gabe bi herriak elkartu izana.
Estipulazio dokumentua ere bai
Bost ordezkariak estipulazio dokumentua sinatzen. / Arg.: M. Igartua
Bestetik, estipulazio dokumentua ere onartu dute. Ezkioko ordezkaritza batek, Itsaso Bherria elkarteak, udalak eta udaletxeko langileek elkarlanean eta adostasunez prestatutako dokumentua da. Bertan, bi herriak bereizten direnerako baldintza ekonomikoak zein administratiboak adostu dituzte.
Ondorengoek sinatu dute estipulazio dokumentua: Garikoitz Aiesta (alkatea), Tomas Etxaniz (ezkiotarren ordezkaria), Mathias Aizpurua (Itsaso Bherria elkarteko presidentea), Miren Iturralde (udaleko langileen ordezkaria) eta Martin Iparragirre (idazkaria).
Estipulazio dokumentua xehetasunez irakurri nahi duenarentzat, hemen eskuragarri: Estipulazio txostenaAlkatearen esker hitzak eta txalo zaparrada
Batzar aretoa jendez beteta. / Arg.: M. Igartua
Alkateak eskerrak eman dizkie prozesuan parte hartu duten alderdi guztiei. “Alde guztietatik egon da prestutasuna, eta gogoa eta prestutasuna daudenean, adostasunerako baldintzak ematen dira”, adierazi du.
Udaletxeko batzar aretoa jendez bete da gaurko bilkuran, eta txalo zaparrada izan da amaieran. Zorion mezuak ere helarazi dizkiete alkateari eta gainontzeko ordezkariei.
Goierriko albisteak euskaraz, libre eta kalitatez jaso nahi dituzu? Horretarako zure babesa ezinbestekoa zaigu. Egin zaitez harpidedun, izan HITZAkide! Zure ekarpenari esker, euskaratik eginda dagoen tokiko informazio profesionala garatzen eta indartzen lagunduko duzu.
Tokiko informazioa profesionaltasunez eta euskaratik, modu librean kontatzea da gure eginkizuna. Horretarako zure ekarpena beharrezkoa da, eta ongi maitatzeko modurik zintzoena da HITZAkide egitea.
Ezagutu HITZAkide izatearen abantailak eta aukeratu HITZAkide izateko gustuko modalitatea.