Goieki Goierriko Garapen Agentziak erretiroa prestatzeko jardunaldi batzuk antolatu ditu Goierri Eskolaren laguntzarekin. Erretiratuak garatzen jarraitzea da asmo nagusia
Bizitzako beste etapa bat da erretiroa. Historikoki, prestatuta egoten da gizakia bere bizitzako etapa askori aurre egiteko, horretarako prestakuntza bat jasotzen baitu. Alabaina, erretiroa hartzeko momenturako ez da prestatzen jendea, askotan, erretiroa helburua bihurtzen delako, eta ez bizitzako beste etapa bat. Gainera, gizartearen joera dela eta, geroz eta adineko pertsona gehiago daude gizartean, bizi itxaropena handitzen ari da eta. Eustat Euskal Estatistika Erakundearen arabera, 2015 urtean Euskal Autonomia Erkidegoan %21,1a zen 65 urtetik gorakoa.
Pauso berri hori emateko prestatzen hasi zen Goieki Goierriko Garapen Agentzia duela urte batzuk, eta orain forma hartu du haien proposamenak: erretiroa prestatzen laguntzeko lau eguneko jardunaldia antolatu dute, Orkli enpresaren diru laguntzari esker. Astelehenean hasi zuten lehenengo saioa Goierri Eskolan. Enpresetan lan egin eta erretiroa hartu duten eta hartuko dutenei zuzenduak dira jardunaldi hauek. Hamazazpi lagun elkartu ziren, eta 17:00etatik 20:00etara hainbat gomendioren eta kezken inguruan aritu ziren. Proposamen hau ahalik eta gehien zabaltzea lortu nahi dute, eta gizarteak pauso berri hori emateko baliabideak ahalbidetzea. Hala azaldu zuen Goiekiko Ainhoa Mitxelenak: «Bizitza ez da erretiroa hartu artekoa, ondoren ere gaitasunak garatzeko aukera izan behar dute, eta hori ahalbidetu behar diegu».
Lau jardunaldi
Amagoia Murumendiaraz medikua, jardunaldian.
Erretiroaren inguruko jardunaldiak lau saioz osatuta daude. Lehenengoan osasun fisikoa eta mentalaren inguruan aritu zen Amagoia Muruamendiaraz mediku lazkaotarra. «Adaptazio prozesuak egin beharra dago, eta horiek bideratu behar dira», azaldu zuen. Bizitzak aurrera jarraitzen duela berretsi zuen, eta erretiroa «beste atal bat da, ez azkena», azaldu zuen.
Orokorrean ematen diren aldaketen inguruan aritu zen medikua, hala nola, elikadura zaintzearen eta kirola egitearen beharraren inguruan. «Osasun mentala oso garrantzitsua da, hankak egunero mugitzen ditugun moduan, buruari ere egunero eragin behar zaio». Bestalde, helduen jakinduriari ere egin zion erreferentzia Muruamendiarazek. Hain zuzen, haren hitzetan, gazteek duten ilusioaren eta helduen esperientzia eta jakinduriaren arteko «fusioa» da bultzatu behar dena, eta hortik gauza «eder eta sendoak» atera daitezkeela ere uste du.
Gaur izango dute bigarren saioa:
Etapa berri bat garapen pertsonalean hitzaldia emango du Alberto Uriartek. Datorren astelehenean ingurune soziala eta erretiro parte-hartzailea landuko dute, Miguel Lozaren eskutik. Laugarren saioa, berriz, hitzaldia izan beharrean eztabaida izango da. Goierriko hainbat erretiraturekin egingo dute mahai inguruan, hala nola, Kimetz elkarteko Belen Balerdi eta Gaztaren kofradiako Jesus Mari Ormaetxearekin.
Garatzeko aukerak
Programaren helburuak hainbat esparru ere hartzen ditu. Maila sozialean ekimenak sortzea lortu nahi da, adineko pertsonen inguruan dagoen ikuspegi negatiboak alde batera utziz, eta erakutsiz ez direla antzu eta pasiboak. Maila sozialean ez ezik, maila indibidualean ere eragin nahi du programa honek. Horrela, benetako informazioa luzatu nahi die erretiratu behar direnei. Besteak beste, denbora librea kudeatzeko gomendioak emango dituzte, gizartean, familian eta lagunekin dituzten sareak berrantolatzeko.
Espazio egokituen beharra
Miguel Calvillo erretiratuta dago, eta hark ere ikusten du gizartean gaiari heldu beharra dagoela: «Goierri Eskola dago honen atzean, eta guk urteak daramazkigu borroka honetan; espazio berriak behar ditugu», adierazi zuen. Gueske esperientzia eskolako ikasle ohien elkarteko kidea da, eta argi du asko dutela eskaintzeko gizarteari: «Hitzaldiak eman ditzakegu hainbat gairen inguruan, eta formatzen jarraitu nahi dugu». Gainera, adierazi zuen beraien baliabideak erabiltzeko aukera izan nahi dutela, eta aurrerantzean hala izango dute. «Engranaje bat izan behar da, elkarreragina izango duena. Guk ere asko dugu gizarteari emateko, badakit eman dezakegula», adierazi zuen Calvillok.
Bizialdi osoko ikaskuntza legea 2013ko urriaren 10ekoa da, eta bere baitan biltzen du legeak erretiratuta dagoen herritargoaren ikasketa grinari eta beharrei erantzungo dien, eta zahartze aktiborako prestatuko duen euskal ikaskuntza sistema bat bultzatu behar dela. Goierri Eskolak lege horri lekua egingo dio. Besteak beste, instalakuntzak eta ekipamenduak erabiltzeko aukera izango dute haien garapenerako.