Goierriko Zazpi Orduak, kirol zapore askotako koktel ikusgarria Ordizian
Gaur arratsaldeko bostak geroztik, kirol modalitate askoren segidaz gozatzen ari dira ehunka ikusle Ordizian. Beti-Alai pilotalekua gune hartuta, Goierriko Zazpi Orduak ikuskizuna ari dira egiten, Emaneurre laguntaldeak antolatuta. Goizaldeko ordubata arte jarraituko du show-ak, eta dantzaldia izango da gero.
Bostak puntuan, antolatzaileek eta agintariek zinta moztu orduko, mendi lasterketa abiatu da. Goierriko sei herrik parte hartu dute Murumendira joan-etorrian (14,1 km). Beasaingo taldeak irabazi du. Talde hartakoak (Koldo Agirre, Elena Calvillo, Juan Carlos Valdivielso eta Asier Zubeldia) izan dira lehen bi helmugaratuak -31 puntu-. Bigarren Zaldibia sailkatu da 32 punturekin (Adur Mendizabal, Aitor Intsausti, Ibai Beloki eta Laida Elizegi) eta hirugarren Idiazabal 35ekin (Asier Oiarbide, Anartz Etxeberria, Sergio Serrano eta Inma Aranburu).
Bien bitartean, etenik gabeko kirol proben ikuskizuna ari da izaten Goierriko Zazpi Orduak. Bigarren proba nesken korrika probak izan dira, kanporaketa eran. Amaia Segurolak irabazi du, azken buruz burukoa Lorea Aialarekin jokatuta. Sei neskak parte hartu dute. 200na metroko esprintak egin dituzte frontoi aurrean, bakoitzean azkena kanporatuta.
Mutiletan, Gipuzkoako abiadura lasterketa onenetakoak elkartu dira. Abel Milout ordiziarrak irabazi du, Joxemari Peso azken seriean gaindituta.
Laugarren ikuskizuna cross-fit ikuskizuna izan da. Gizakiaren “abildade naturalak berreskuratzeko” kirol horretan halterofilia eta gimnasia diziplina desberdinak batu dituzte. Nesketan, Egoa Alvarado oiartzuarrak irabazi die Nora Esnaola donostiarrari eta Nerea Arregi zarauztarrari.
Txirrindulariak, programa informatikoarekin
Eguneko bitxitasunetako bat, zortzi txirrindularik Beti-Alai barruak jokatu dituzten jazarpen probak izan dira. Arrabola gaineko bizikletetan jardun dira, geldika, eta programa informatiko bati lotuta. Pantaila handian, belodromoan ibiliko balira irudikatu du: zenbat eta pedalkada indartsuagoak eta gehiago eman, orduan eta aurrerapen handiagoa pantailan.
Helburu solidarioa eta gizatiarra ere bazuen atal horrek. Izan ere, zortzi ziklistetatik hiru eritrearrak ziren, eta bat siriarra. Euren herrialdeetako gerretatik ihesi, errefuxiatuak dira. Marcopolo Nergroup taldearen bidez txirrindularitza profesionalean garapena berriz hasteko modua izan dute.
Bikoteka, Awet Gebremedin (Eritrea)-Sergio Aliaga, Yohana Tesfay (Eritrea)-Illar Zuazubizkar, Feras Wardeh (Siria)-Unai Elorriaga eta Abel Gebreiwet (Eritrea)-Asier Maeztu aritu dira.
Eguneko beste txirrindularitza proba bertan behera geratu da. Mikel Azparren ziklista eta Ordiziako Txirrindulariak taldekoak bi lasterketa egitekotan ziren, Itsasondoraino (bigarrena, gauez). Baina errepidean ibiltzeko Trafikoaren baimenik ez zuten jaso atzo antolatzaileek, errepidea moztu behar zelako eta lasterketa bat ilunpetan zelako.
Idoia Etxeberriaren marka berria
Iluntzean arraunlari nesken eta mutilen lehiak, herri kirolek eta kick-boxing borrokaldiak izan dira arreta gune nagusiak. Arraunean, San Joan nagusitu da nesketan eta Urdaibai mutiletan. Ordizia errugbi jokalarien eta Ibarrako sokatira taldekoen arteko erronkan, bigarrenak nagusitu dira. Irati Astondoak 21 minutu 58 segundo eta 52 ehuneneko behar izan ditu 45 ontzako 6 enbor ebakitzeko, eta Idoia Etxeberriak bi altxaldi eman dizkio 117 kiloko harriari esku bakarrarekin. Biek ala biek errekor berria jarri dute.
Abraham Parra eta Javi Polo motozaleen freestyle ikuskizunak borobildu du eguna.