Alkohol kontsumoaz, gehiegizko zarataz eta sexu erasoez kanpainak
Hiru arlo bereziki landu nahi ditu Lazkaoko Udalak, aurtengo festetan. Alkoholaren gehiegizko kontsumoaz, gauean atseden hartu nahi duten bizilagunen eskubideaz eta sexu jazarpen edo erasoen arloaz ohartaraziko ditu herritarrak eta bisitariak.
«Gizartea eta udala kezkatzen» duten gaiak dira hiru horiek, Felix Urkola alkateak esan duenez. Kanpainak San Prudentzio jai hauetan hasiko dira, baina jarraipena izango dute gero. «Jaiak une egokia dira hasteko».
Lehen arreta puntua alkoholaren kontsumoan jarri du udalak, Izan zeu, alkoholak ez zaitzala aldatu leloarekin. Batez ere gaztetxoen artean zabaldu nahi dute gehiegizko kontsumoaren arriskuen berri, baina baita larrien artean ere.
Bigarren jopuntua gehiegizko zarataren kontzientzia —eta neurriak— hartzeko izango da, Parrandan errespetatu lo dauden bizilagunak kanpainan. Gaueko musika saioak lehenago bukatuko dira. Mozorro eguneko «zarata arazo larriak» saihesteko neurriak ere hartu dituzte.
Sexu erasoen aurka
Eraso sexisten aurkako ekinbidea da hirugarren esparrua. Lazkaon ez dugu horrelakorik nahi esanez, arazoa gizarteratu eta errotik moztu nahi dute. Ardurazko eta kontzientziazko jarrerak eskatu ditu udalak.