San Prudentzio festen lehen asteburuko ekitaldiak bihar hasiko dira. Mozorrotuen eguna etzi da, lehiaketa eta guzti. Ibone Saezek eta Ane Aguadok irabazi dute marrazki lehiaketa

Lazkaoko jaien hasiera ekitaldian eta ondorengo lehen kalejiran, erraldoiak ikur bihurtu dira.
Zortzi festa-egun, bi asteburu oso eta gehiago. Lazkaoko San Prudentzio jaiek ohiko bi asteko egitura berreskuratuko dute, aurten. Bihar hasiko dira festak, asteburuan lehenengo ekinaldia egiteko. Ondoren, apirilaren 27tik maiatzaren 1era segiko du.
Egun seinalatuetan ez da aldaketarik. Etzi mozorrotuen eguna, apirilaren 28a San Prudentzio zaindariarena —ostegunarekin—, eta 30a kuadrillena. Horietan, eta gainontzeko ekitaldietan —denera 52 daude— herriko elkarte, talde eta eragileek egin duten lana goretsi du udalak. Ia hogei elkargok hornituko dituzte jaiak giza baliabide, lan eta umore onenekin.
Txupinazoarekin lehertuko da festa, bihar. Amalur mendi elkarteari aitortuko diote bere gizarte-lana.
Berritasunen artean, hilaren 29an bikoteen kros mistoa dago. Haurren
gymkana ere antolatu dute, eta San Prudentzio eguneko meza ondoren, ermita aurrean hamaiketakoa berreskuratu dute, berriz.
Lau ikasleren irudiek saria

Egitaraurako marrazki lehiaketako sarituak, alkatearekin.
Jai egitarauaren azalerako marrazkia San Benito ikastolako DBH3ko ikasleen artetik atera da, aurten ere. Hiru lan bereizi dituzte. Irabazletzat jo dutena —azalean ageri dena— Ibone Saez Izquierdok eta Ane Aguado Quinak egin dute, elkarrekin. Bigarren Eraitz Gorrotxategi Zuaitzen lana geratu da, eta hirugarren Nagore Balda Ormazabal.
Ez da jaietako lehiaketa bakarra izango. Mozorrotuen egunean, esate baterako, desfilea egingo dute eguerdian, eta epaimahaiko batek mozorro onenak baloratuko ditu. Talde handiak (5 kidetik gora), txikiak eta 18 urtez behekoena bereiziko dituzte.
Mozorro egunerako, bestetik, indarra hartu duen festa-eredua zertxobait egokitzeko, neurri batzuk hartzea hitzartu dute kuadrillek eta udalak: karpak ezingo dira guztiz itxiak izan, musikaren bolumena neurtuko da, oholtzako taldea jotzen ari den bitartean karpan ezin da musikarik jarri, eta karpa jarritako tokitik kendu beharko da.
Eskumuturreko solidarioa
Lazkaon merkatari elkarteak elkartasunezko ekimena antolatu du, jaietarako.
Aurreztuz lagundu kanpaina sortu du. Elkarteko dendetan eskumuturreko berezi bat erosi ahalko da, euro batean. Bildutako dirua Lazkaoko Caritasentzat izango da, herrian beharrean direnei laguntzeko.
Festa ondoren, maiatzaren 2an eta 3an Lazkaon-eko dendetan 20 eurotik gorako erosketak egindakoak, eskumuturrekoa erakutsiz gero 2 euroko deskontua egingo dute dendariek.
Festetan ateratako argazkien lehiaketa izango da
Argazkizale guztiei zuzenduta, San Prudentzio jaiek lehiaketa baterako gaia emango dute, aurten ere, udalaren lehiaketan. Partaide bakoitzak lau argazki aurkez ditzake, gehienez urtebetekoak eta jaietakoak (30x40ko argazki-paperean).
Sarituak datorren urteko egitarauan ateratzeaz gain, hiru diru-sari jarri ditu udalak: 200 euro lehenari, 100 bigarrenari eta 50 hirugarrenari. Lanak aurkezteko epea maiatzaren 27an bukatuko da. Gutun itxi batean bidali behar dira udaletxera, barruan norbere datuak sartuta.
Albiste honekin lotuta: