Udal gobernuko EH Bilduk eta oposizioko EAJk bat egin dute sistema adosteko prozesua hasteko. Galdeketa uda ondoren izango da. Sasietak txostena apiril bukaerarako aurkeztuko die
Sasietak birziklatzea bultzatzeko egindako kanpaina bat, Legorretan.
Legorretako Udalbatzak atzo arratseko osoko bilkuran onartu zuen herriko hondakin bilketa sistema adosteko prozesua hastea. Udaleko EH Bildu eta EAJ talde politikoek —gobernuan eta oposizioan, hurrenez hurren— asteartean itxi zuten akordioa. Zabor bilketa nolakoa izango den zehazteko, herrian galdeketa egingo dute, «uda ondoren».
Legorretan 2013ko apirilean atez ateko bilketa jarri zuten, eta hori dago indarrean. Udal oposizioak eta herritar talde batek asko kritikatu izan du sistema hori, «inposizioa» zela eta galdeketa eskatuz. Manifestazio bat ere antolatu zuten.
2016ko lehen hiru hilabeteetan, %68ko bereizte tasa izan du Legorretak. Zaborraren %32k zabortegian amaitu du.
Atzo onartu zuten prozesua iazko azaroan erne zen, hondakinak gaika biltzeko sistema bat adosteko «oinarririk bazegoen» ikusteko. «Bi alderdiak bat etorri ziren beharrezkoa dela hondakinak gaika sailkatzea, ez dela aukerakoa», dio udalbatzak onartu duen testuak. Prozesu bat martxan jartzea hitz egin zuten.
Modua adostea falta zen, eta urtarrileko bigarren bileran bideratu zuten gaia: Goierriko sistema ezberdinak aztertu, eta Sasietari txosten bat eskatu zioten, «Legorretan egungo sistema aldatzeak zein emaitza eta gastu ekonomiko izango lituzkeen alderatzeko, beste sistemekin».
EAJk lorpentzat hartu du
Apirilaren bukaeran jasoko du udalak txostena. Aste horretan bertan beste bilera bat egin, eta prozesuarekin segiko dute. «Dauden aukerak aztertuta, Legorretarentzako sistema egokiena adostea izango da gure helburua. Hori lortuta, galdeketa egiteko galdera adostuko dugu, eta herriari galdetuko diogu uda ondoren», dio testu adostuak.
EAJren udal taldeak, bere aldetik, herri galdeketa lorpen gisa hartu du, eta «poza» adierazi du Bilduk «orain gutxi arte agertutako jarrera aldatu» duelako eta «beste alorretan aldarrikatzen duen erabakitzeko eskubidea alor honetan ere aplikatzeko erabakia» hartu duelako».
Galdeketa «herritar guztien garaipena» dela erantsi du EAJk.