Ordiziako Plaza Nagusian eta inguruko kaleetan egingo da azoka larunbatean eta igandean. Asteburu osoan zehar juglareak, antzerkia, dantza saioak eta beste hainbat ekitaldi izango dira
Ordiziako gune historikoak eta inguruko kaleek Erdi Arora egingo dute atzera beste behin ere, asteburuan egingo den azokarekin batera. Apirilean artzaintzari eskainitako azoka berezia egin zen eta datozen egunotan 21. Erdi Aroko azokaren tartea da. Ordizia Erdi Aroan nolakoa zen, eta garai hartan ere azokak egiten zirela eta garrantzitsuak zirela ezagutzeko aukera izango da.
60 postutik gora jarriko dira eta denetarik aurkitzeko aukera egongo da: mota guztietako jakiak, zeramika, xaboiak, larrua, sendabelarrak, otarrak, egurrezko jostailuak eta beste hainbat produktu. Haurrentzako tailer ugari egingo da baita ere: zeramika, larrua lantzekoa, egurrezko jolasena… Gaztetxoenentzat ere aukera zabala eskaintzen du Erdi Aroko azokak.
Haurrentzako gynkana
Erdi Aroko azokaren ekintzen barruan eta Museoen Nazioarteko Eguna ospatzeko, D’elikatuz zentroak
Ordizia Erdi Aroan gynkana antolatu du haurrentzat. Ordiziako argazki zaharrekin osatutako gynkanarekin, garai bateko paisaia, historia eta Ordizian bizi zen jendea ezagutzeko aukera izango dute haurrek. Larunbatean 17:30ean egingo da, D’elikatuz zentroan bertan eta doan izango da.
Bi egunetako egitaraua
Larunbatean irekiko da azoka, 11:30ean. Ordu horretan abiatuko da Barrenatik ohiko desfilea. Juglareak, errege segizioa, Urrup antzerki taldekoak, musika eskolako banda eta Urdaneta eta Jakintza dantza taldeko kideak kalez kale ibiliko dira goizean, eta baita arratsaldean ere, 17:30etik aurrera. Azokako saltokiak eta tailerrak goiz eta arratsaldez egongo dira zabalik, 21:00ak arte. Beti Argi Bandak, Laguntasuna Errondallak eta Larrun-Arri abesbatzak ere parte hartuko dute Erdi Aroko azokan, eta emanaldia eskainiko dute 18:30ean larunbatean.
Igandean ere 11:30ean egingo da desfilea, eta ordu horretan irekiko dira saltokiak eta tailerrak. Iluntzera arte egongo dira zabalik. Bi egunetan, gainera, musika, dantza, juglareak, falkoneria erakustaldiak… egingo dira Ordiziako erdiguneko kaleetan.