Hemen da Zegama-Aizkorri
Gizonezkoen artean Remi Bonnet jotzen dute faborito. Marco de Gasperik ez du parte hartuko. Emakumezkoen artean lehia estuagoa iragarri dute
Hemen da mendian korrika egitea atsegin dutenen eta kirol hori ikustea gogoko dutenen asteburua. Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren asteburua, hain zuzen ere. Ostiralean kilometro bertikala egingo dute eta igan-dean maratoia eta Zegama-Aizkorri Junior Trail proba. Gizonezkoen artean, Remi Bonnet jotzen dute gehienek faboritotzat. Emakumezkoen artean, berriz, antolatzaileek ez dute horren faborito argirik ikusten.
Kilometro bertikala bihar arratsaldean egingo dute. Lehen korrikalaria 16:00etan irtengo da. Parte hartzaileek 1.015 metroko desnibela gainditu beharko dute 3.000 metrotan. Zegamako plazatik irtengo dira, baina Harrihaunditik Iraulera bitarteko zatia bakarrik kronometratuko dute. Azken korrikalaria 18:30ean helduko da helmugara eta sari banaketa 20:30ean izango da.
Alberto Aierbe zuzendari teknikoak bost faborito nagusi ikusten ditu: gizonezkoen artean Iñigo Lariz eta Oier Ariznabarreta euskaldunak eta Ferran Teixido andorratarra eta emakumez-koen artean Maite Maiora euskalduna eta Vanesa Ortega espainiarra.
Beste bi lasterketak igandean izango dira. Zegama-Aizkorri Junior Trailen parte hartuko duten gaztetxoak 10:30ean abiatuko dira. 10,4 kilometroko ibilbidea osatuko dute eta 1.016 metroko desnibel metatua gaindituko dute. 1997, 1998 eta 1999 urteetan jaiotako gaztetxoek parte hartuko dute.
Maratoiko parte hartzaileak beraiek baino ordu eta erdi lehenago abiatuko dira: 09:00etan. 42,195 kilometroko ibilbidea osatuko dute. Beunda, Atabarreta, Aratz, Sancti Spiritu, Aitxuri, Oltze, Urbia, Itzubiaga, Moano eta Oazurtzatik pasako dira, Zegamara itzuli aurretik.
«Jornetek berak Zegama-Aizkorri irabazteko faborito nagusia Bonnet dela esan du» Alberto Aierbe (Lasterketaren zuzendari teknikoa)Aierbek «sekulako maila» egongo dela azpimarratu du, batez ere mutilen artean. Izan ere, Zegama-Aizkorri lasterketa zazpi aldiz irabazi duen Kilian Jornet kataluniarrak lehiakide gogor bat izango du: Bonnet gazte suitzarra. Iaz lehenengo eta bigarren egin zutenak ere aipatu ditu: Tadei Pvik italiarra eta Manuel Merillas espainiarra. Marco de Gasperi italiarrak bakarrik kale egingo du. «Bere burua ez duela Zegama-Aizkorrin lehiatzeko moduan ikusten esan du eta ez etortzea erabaki du». Bonneten agerraldiak, bere garaian Jornetenak bezala, mundu guztia txundituta utzi du. «Bere dohaiak sekulakoak dira. Gainera, eguraldi freskoa atsegin du eta igandean ez du berorik egingo. Eguraldi aldakorra iragarri dute. Kilianek berak faboritoa Bonnet dela esan du. Baina Kiliani irabazteko korrika asko egin beharko du. Ikusi arte ez dut sinistuko. Izan ere, Kilianek lasterketa hau bere furgoneta baino hobeto ezagutzen du», esan du Aierbek. Emakumezkoen artean, Azahara Garcia eta Paula Cabrerizo espainiarrak, Oihana Kortazar euskalduna eta Megan Kimmel estatubatuarra aipatu ditu.
Mendiko jardueren osagarritasunei buruzko solasaldia
Bihar, 18:00etan Zegamako kultur etxean, mendian burutzen diren askotariko jardueren osagarritasunari buruzko mahai-ingurua egingo dute. Iker Karrera korrikalariak, ENBA sindikatuko Jon Arrutik, Aranzadi zientzia elkarteko Joseba Garmendiak eta EHNE sindikatuko Valentin Gabilondok parte hartuko dute. Dinamizatzaile lanak Edurne Albizu zegamarrak egingo ditu. Mahai inguruaren izenburua ‘Zergatik zu edo ni, eta ez, zu eta ni?’ da. Ekitaldia Aldundiaren Parketxe Sarea fundazioak antolatu du eta helburua lehen sektorearen, kontserbazioaren eta aisiaren arteko osagarritasuna areagotzeko formulak aurkitzea da. ORDUTEGIA Ostirala- 16:00. Kilometro bertikalaren hasiera.
- 18:30. Azken korrikalaria helmugan.
- 20:30. Sari banaketa, plazan.
- 18:00. Aurkezpen teknikoa.
- 08:00. Mendi irteera, plazatik.
- 09:00. Maratoiaren irteera.
- 10:30. Junior Trailen irteera.
- 10:45. Sancti Spiritutik igaro.
- 11:15. Aizkorritik igaro.
- 11:15. Junior Trailekoak helmugara.
- 13:00. Maratoiko irabazlea helmugara.
- 14:00. Sari banaketa.
- Segurako sarrera. 06:30ean itxiko dute. Herrira oinez edo antolakuntzak jarritako autobus zerbitzua erabiliz bakarrik sartu ahal izango da.
- Intxausti industrialdea. Aparkaleku nagusia izango da.
- Ibarreta. 4×4 autoentzako aparkaleku alternatiboa izango da.
- Otzaurte. 06:30etik 10:30era Zegamarako sarbidea itxita egongo da. 10:30etik aurrera, trafikoaren arabera irekiko da. Sancti Spiritura joateko, Etzegaratetik joan behar da Otzaurtera.













