Zegama-Aizkorri mendi maratoiko 15 edizioetan parte hartu du Koldo Urrestarazu lazkaotarrak
![Koldo_Urrestarazu_mendi_la](http://goierri.hitza.eus/site/files/2016/05/Koldo_Urrestarazu_mendi_la.jpg)
Lasterketa bezperan Zegamara bertaratutakoek bero sapa genuen hizketagai: ez genuela horrelakorik nahi lasterketa egunerako, eguraldi aldaketa biziki eskertuko genukeela…
Bada iritsi zaigu egun handia. Irteeran giro polita, lasterketarako egokia. Gustura gaude korrikalariak. Hala, 09:00etan puntuan irteera eman eta sartu gara saltsan, bete-betean. Lehenengo kilometroak ondo doaz, eroso, baina Aratzera gerturatu ahala hasi da eguraldia nabarmen aldatzen: euria, hotza, haize indartsua… Neroni kostata iritsi naiz Aratz gainera, eguraldia desatsegina da benetan!
Jaitsieran zorua irristakorra dago eta arretaz eta zopa-zopa eginda heldu naiz Sancti Spiritura. Anoa postuan indarrak hartu, eta jendearen animoen artean ekin diot Aizkorriko igoerari.
Eguraldiak bere horretan jarraitzen du eta Aizkorri puntan (a ze meritua ikusleena!) hotza izugarria da. Lasterkari asko ikusi ditut manta termikoarekin bertako aterpean, nik ere nahikoa lan hotzari aurre egiteko!
Ez da giro kresterian, uf! Ahal den moduan pasa dut lasterketako zatirik teknikoena, eta daukadan energia apurra hotzari aurre egiten xahutu dut. A ze sufrimendua! Aitxuritik beherako aldapa ohi bezala oso irristakorra dago eta hemen ere kontuz jaitsi naiz, minik ez hartzea da garrantzitsuena.
Goi-mendietatik jaitsita, Oltze pasa eta Urbiara erosoago iritsi naiz; eguraldia ere hobea da inguru hauetan, eta eskertzen da! Denborarik galdu gabe, lainopean igo dut Andraitz, eta azken hamaika kilometro luzeei gogotsu ekin diet, helmugara iristeko irrikaz. Lokatz festa nagusi den ibilbidean, azken ahalegina eginda iritsi naiz Zegamako helmugara, beste behin.
Lortu dut aurtengo helburua ere. Lasterketa
ondo amaitzea, eta minik hartu gabe. Ez da gutxi!
Eskerrik asko horrelako egun gogor batean ibilbide osoan lasterkariak animatzen, laguntzen… aritu zareten ikusleei eta antolakuntzako kideei! Zorionak, halaber, lasterketa amaitzea lortu zenuten guztiei eta animo handi bat, nola ez, lasterketa utzi behar izan zenutenei ere! Eutsi goiari!