«Ehunmilak ez da beste probak bezalakoa, ezagutu egin behar da»
Mikel Valdivielso (Ehunmilak probaren antolatzailea)
Hilabete barru jokatuko dira Ehunmilak, G2H eta MariMurumendi mendi lasterketak. Izena emateko epea bukatu berritan, aurtengo berrikuntzen inguruan hitz egin du.
Aste honetan itxi duzue izena emateko epea. Inoiz baino parte hartzaile kopuru handiagoa izango da aurten, ezta?
Aurten marka hautsi dugu lasterketa guztietan. Ehunmiletan errekorra dugu: 364 korrikalariko kopurura iritsi gara. Eta guztira, 1.114 izango dira hiru probetan. Oso zifra onak dira guretzat. Beasainen 1.100 korrikalaritik gora izatea ikaragarria da.
Mila eta ehun korrikalaritik gora, eta beraiekin datozen guztiak. Hau handitzen ari da…
Asko handitzen ari da, bai. Oso ondo dakigu gure mugak non dauden, korrikalari eta boluntario guztien segurtasuna bermatzeko. Eta ez dugu aurreikusten partaidetza kopurua igotzea, nahiz eta itxaron zerrendak dauden. Festa handi bat izatea espero da, bai. Eguraldiak pixka bat laguntzea bakarrik behar dugu.
Eguraldia aipatu duzu. Orain arte denetik izan duzue.
Orokorrean eguraldi txarra tokatu izan zaigu. Urtero eduki izan dugu gau txarren bat. Asko sufritzen dugu eguraldiarekin. Euskal Herrian bizi gara eta hiru egun segidan onak edukitzea, nik uste dut, ez dela inoiz suertatuko. Aukeran, dena den, nahiago nuke eguraldi txarra, 40 gradu egitea baino. Beldur handia diet bero handiko egunei. Urte batean 38 gradurekin atera ginen Beasaindik, gero eguraldia asko aldatu zen eta erretiratu asko izan zen. Horrek bai sortu ditzakeela arazo handiak, ge-hienbat jendearen osasunerako.
Korrikalari bakoitzari mediku ziurtagiria eskatzen diozue.
Ehunmiletan egiten ditugun ahaleginik handienak, lasterketari begira, segurtasun arloan izaten dira. Aurten ahalegin handia egin dugu, eta aurrekontua asko igo zaigu zentzu horretan. Ehunmiletan egoten diren mediku guztiak larrialdietakoak izango dira aurten. Gurutze Gorrikoen despliegea ere ikaragarria izaten da. Gure esku dagoen guztia egiten dugu lasterkaria ahalik eta seguruena joateko.
Hardrock probaz gain, Montblanc-eko lasterketarako puntuagarria da aurten.
Aurten ere munduko 10 herrialde desberdinetako jendea dakarkigu. Japoniarrak, txinatarrak, poloniar talde bat ere badator… baita estatu batuarrak edota suediarrak ere. Bai Europan eta bai mundu mailan izena hartzen ari gara. Montblanc-erako puntuagarria izatea, ona da euskaldunentzat eta estatukoentzat, atzerrira joan gabe puntuak lortzeko aukera dutelako.
«Aurten marka hautsi dugu proba guztietan; Beasainen 1.100 lagun izatea ikaragarria da»Aurtengo probari begira, ausartzen al zara faboritoren baten izena ematen? Egia esango dizut, aspaldi utzi nion izena emandako korrikalarien palmaresa begiratzeari. Ez naiz gehiegi kezkatzen zein korrikalari etorriko diren. Javier Dominguez eta Imanol Aleson dira faborito. Badakite zer den hemen irabaztea eta aurten ere Ehunmilak irabaztera datoz. Neurrira egindako lasterketa bat da eta bikain aritzen dira urtero. Gainera gustura etortzen dira, beraien lasterketa kuttuna da eta. Atzerritik ere badakit jende ona datorrela. Baina betiko handicapa da: Ehunmilak ez da gainontzeko probak bezalakoa, ondo aritzeko ezagutu egin behar da. Euskal Herria berezia da orografia aldetik. Kanpotarrak harrituta gelditzen dira: 3.000 metrora ez garela iristen baina atsedenik ez dagoela esaten digute. Iaz amerikar bat etorri zen irabazteko asmotan, baina ezin izan zuen. Eta G2H proban? Oso-oso polita egongo da aurten. Iazko irabazleak hemen izango dira. Jon Azpiroz faltako zaigu, baina gainerakoak eta beste jende indartsu bat ere badator, eta aurten ikusgarria izango da. Kostako zaie iaz baino denbora hobea egitea. Baina eguraldiak asko baldintzatzen du. Lehorra eta eguraldi sanoa izanez gero iaz baino lehentxeago etorri daitezkeela? Bai, baina ez dute hobetuko. Maratoia berriz, iaz egin zenuten lehendabiziko aldiz. Aurtengorako zer espero duzue? Oso maratoi lasaia izan zen, jendeak asko gozatu zuen eta irribartsu sartzen ziren helmugan. Aurten Laida Elizegi dator, Ainhoa Lendinez etorriko da… Iazko maratoiko zenbait partaide G2Hra pasatu dira. Horretarako sortu zen gainera, eskaloi natural bat sortzeko. G2Han zuzenean hasi beharrean, lehenengo maratoian hastea komeni da.