Marimurumendi maratoia iruditan
Beroa eta gogorra izan da Marimurumendi maratoiaren bigarren edizioa. Aritz Egea gizonezkoetan eta Andrea Garai emakumezkoetan izan dira aurtengo probaren irabazleak.
Egea urretxuarrak 3:31:30ko denbora egin du, iaz Iker Zurutuzak jarritako marka 10 minutuan onduz. Egea pozik agertu da egindako lasterketarekin, beroaz kexu izan bada ere, bereziki Izazpi aldean. Kizkitzatik behera kalanbreak izan dituela ere esan du. Ondo ezagutzen duen ibilbidea 3 ordutik beherako denboran egitea zuen helburu, baina eguraldiak ez dio utzi. Beasainen bizi baina jaiotzez Eskoriatzakoa den Iñaki Uribetxebarriak eta Alex Bautista katalanak osatu dute gizonezkoen podiuma.
Emakumezkoetan berriz, batera sartu dira helmugan Andrea Garai eta Ainhoa Lendinez, 4:40:30ko denbora eginda, lasterketa osoa elkarrekin egin eta gero. Lau minutu geroago Araitz Irazu sartu da helmugan, emakumezkoen podiuma osatuz.