Bost urtez Athletic-en jokatu ondoren, 2016-2017 denboraldia Paris Saint Germain talde frantziarrarekin jokatuko du Irene Paredesek (Legazpi, 1991). Hilaren 11n hasiko dute liga.Noiz jaso zenuen Paris Saint Germain taldearen eskaintza? Espero al zenuen...
Bost urtez Athletic-en jokatu ondoren, 2016-2017 denboraldia Paris Saint Germain talde frantziarrarekin jokatuko du Irene Paredes (Legazpi, 1991) futbolariak. Hilaren 11n hasiko dute liga.
Noiz jaso zenuen Paris Saint Germain taldearen eskaintza? Espero al zenuen?
Aurreko denboraldiaren bukaeran jaso nuen eskaintza. Ez nuen espero, harrituta geratu nintzen.
Asko pentsatu behar izan zenuen baiezkoa emateko?
Bai, asko. Erabaki oso zaila izan da niretzat. Ez da erraza izan Athletic-i ezetz esatea liga irabazi bezain pronto, eta bost denboraldi bertan egon ondoren. Klubak asko eman dit, futbol arloan zein bestela. Ia denboraldi guztietan Liga eta Kopa irabazteko aukerekin egon gara, eta horrek balio handia dauka niretzat. Gainera, futbolaz aparte, lagun handiak egin ditut. Hori guztia eta etxetik oso gertu nengoela kontuan hartuta, toki onenean nengoela pentsatzen nuen. Eta baliteke hala izatea, baina gaur egun emakumezkoen futbolaren egoera ikusita, Europako onenetarikoen artean kokatzen den batek deitzen dizunean, buruhausteak sortzea ezinbestekoa da. Asko kostatu zait, baina aukera paregabea zela ikusita, erosotasun eremutik atera eta ametsen bila joatea erabaki dut.
Talde garrantzitsua da PSG. Zer esan nahi du zuretzat horrelako talde batek zuregan interesa erakusteak?
Poza eta konfiantza handia ematen dizkit. Gauzak ondo egin ditudan seinale izan daiteke. Hortaz, berdin edo hobeto jarraitzea besterik ez da geratzen orain.
Parisen zaude dagoeneko. Zer moduz orain arteko esperientzia?
Momentuz oso ondo, taldeki-deek eta entrenatzaileak harrera oso ona egin didate. Oraindik entrenamenduetara eta jokora egokitzen ari naiz, baina gustura nago. Hiria izugarri handia da eta entrenamenduekin ez dut denbora handirik eduki bisitatzeko, baina bizi naizen ingurua oso polita da.
Nolakoak dira entrenamenduak? Athletic-ekoak baino gogorragoak?
Etorri bezain pronto hasi genituen entrenamenduak, uztailaren 25ean. Entrenatzaile bakoitzak bere lan egiteko era duenez, normala da ezberdinak izatea. Hemen fisikoari garrantzi handiagoa ematen zaio. Gogorragoa da, arlo fisikoa gehiago lantzen delako. Bestalde, astean zazpi edo zortzi entrenamendu egiten dira; Espainiako Ligan, lau. Hori da aldaketa handienetariko bat, baina jokalariak profesionalak izanik, ez dugu beste lanik egin behar, eta errekuperatzeko denbora ere handiagoa da.
Liga noiz hasten duzue?
Irailaren 11n. Albiren kontra jokatuko dugu lehenengo partida, bere etxean. Dena den, orain arte hiru lagunarteko jokatu ditugu. Azkenekoa igandean jokatu genuen, Atletico Madrilen aurka, eta 5-0 irabazi genuen. Hiru partidetan gustura sentitu naiz, eroso, nahiz eta taldekide berriekin jokatzera ohitu behar naizen.
Gol bat ere sartu zenuen lagunarteko partida batean. Zer sentitu zenuen?
Bai, lehenengo partidan sartu nuen gola, Sant Malo-ren kontra. Penaltiz sartu nuen. Poza sentitu nuen. Gainera, sentsazio onak izateak asko laguntzen du hurrengo partidei begira.
Taldekideekin zer moduz?
Oso ondo, oso harrera ona egin digute iritsi berri garen jokalariei. Veronica Boquete ere badago taldean, aurten Bayern de Munich-etik etorria. Espainiako selekzioan elkarrekin jokatzen dugu, eta oso erlazio ona daukagu. Horrek asko lagundu dit.
Printzipioz denboraldi bat egingo duzu Parisen. Zein helburu jarri diozu zure buruari?
Hamaikakoan toki bat irabaztea eta ahalik eta hoberen jokatzea dira nire helburuak.
Eta Parisekoa amaituta, zein helburu dituzu luzera?
Ikusiko da. Denboraldia nola joaten den arabera, denboraldi amaieran erabakiak hartzeko momentua izango da; orain ez dut horretan pentsatu nahi.
Frantzian nolakoa da nesken futbolaren egoera?
Orokorrean hobea da. Ligan, taldeen arteko mailan ere desberdintasun nabaria dago, baina maila altuagoa da. Liga profesionala da, eta horrek ahalbidetzen du jokalariek futbolari denbora osoa eskaintzea. Batez ere, goiko postuetan dauden taldeetako jokalariek.
Bost urte egin zenituen Athletic-en. Nolakoa izan da agurra?
Pena handia eman dit hainbeste eman didan taldea uzteak eta, batez ere, bertako kide eta lagunak agurtzeak. Agurra nahiko azkarra izan zen, azken momentura arte zalantzak izan nituelako. Baina, egia esan, oso berezia izan zen.
Bi taldeetan jokatu duzu, Rea-lean eta Athletic-en. Baina zeinen jarraitzailea zara?
Nesken futbolean bien jarraitzaile sutsua izango naiz orain. Gertutik jarraitzen ditut. Gipuzkoarra izanda, txikitatik jarraitu izan dut Reala, baina bost urte eta gero pixka bat Athletic-zalea naizela aitortu beharra daukat.
Pentsatzen dut Legazpiko zelaian egingo zenituela lehenengo saiakerak. Nolako oroitzapenak ekartzen dizkizu bertara joandakoan?
Oroitzapen politak etortzen zaizkit burura. Han hamahiru urterekin hasi nintzen futbolean, baina inguruetan atletismoa egiten ere ibiltzen nintzen, beraz, leku berezia da niretzat. Gustatzen zait bertara gerturatzea eta gazteak gogotsu jokatzen ikustea.