Legazpiarrei egindako erretratuekin erakusketa irekiko du bihar. Itxulapiko bat jarriko du, Ademgi elkartearentzat dirua biltzeko. Gilen anaiak esklerosia du
Julian Gil argazkilari legazpiarrak erakusketa irekiko du bihar kultur etxean. Hainbat legazpiarri egindako 47 erretratuz osatuta egongo da erakusketa, gehienak zuri-beltzean. Herriko aurpegi ezagunak ikusteko aukera izango da bertan. Gainera, Gilek itxulapiko bat jarriko du, dirua biltzeko. Erakusketak irauten duen egunetan itxulapiko horretan jasotako dirua Ademgi elkarteari emango dio. Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartea da Ademgi.
Hain zuzen ere, esklerosi anizkoitza du Gilen anaiak. Horregatik, gertutik ezagutzen du gaixotasuna argazkilari legazpiarrak. «Gorputzeko atal guzti-guztiei eragiten die, eta gaur-gaurkoz ez dago sendatzeko modurik», azaldu du. Sendatzeko modurik ez izan arren, Ademgik gaixoiei laguntza handia ematen diela adierazi du Gilek, bai fisikoki eta baita psikologikoki ere. «Gainera, gaixoek elkarren esperientziak elkarbanatzeko balio du, eta familiari zaintzaren karga une batez arintzeko». Horregatik emango dio dirua elkarteari.
Erakusketa bihar inauguratuko du Gilek, 19:00etan. Argazkilaria bertan izango da, nahi duenari azalpenak ematen, eta mokadutxo bat egiteko aukera ere izango da. Irailaren 16ra arte egongo da irekita erakusketa, kultur etxeko erakusketa aretoan, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 20:30era.
Erakusketara hurbiltzeko aukera duenak, herriko aurpegi ezagun asko ikusiko ditu: Joakin Odriozola harakina, Fenoll farmazialaria, Irene Paredes futbolaria, herriko medikua, postaria, iturgina, kale garbitzailea, jostuna… Bakoitza bere ofizioan edo eremuan erretratatu du Gilek. Bere aitaren erretratua ere jarri du erakusketan, urtetan lanerako erabilitako Patrizio Etxeberriako buzoa jantzita. Eta, nola ez, bere anaiaren argazki bat ere badago, xakean jokatzen. Legazpiarren erretratuen bidez, Legazpiren beraren erretratu bat egitea lortu du.
Ideia Jaime Mota argazkilari andaluziarrarengandik hartu du. Hark bere herri Mijaseko, herritarrak erretratatu zituen, bakoitza bere ofizioan. «Ikusgarria da Motaren lana, niri asko gustatu izan zait beti; tamalez, hilda dago dagoeneko», adierazi du Gilek. Motak ere helburu solidarioetarako erabiltzen zuen bere argazkien salmentatik irabazitako dirua.
Erretratu batzuk aurretik aterata zituen Gilek, baina gehienak aurten egin ditu. Norbaitengan pentsatu, eta hari proposatu: horixe izan da prozesua. «Denak oso jatorrak izan dira, eta prest agertu dira argazkia egiteko». Joakin Odriozola harakinaren kasua nabarmendu du Gilek: «Dagoeneko ez du harategirik, erretiratuta dagoelako, baina argazkia ateratzeko hestebeteak eta haragia erosi zituen, eta harategiko makina asko ekarri zituen; benetan eskertzekoa da jarri zuen gogoa». Beste legazpiar batek, berriz, sei hilabetez utzi zuen bizarra hazten, Gilek argazkia egin ahal izateko.
Erretratu gehiago bidean
Legazpiko Ikatza argazkilari taldeko kidea da Gil duela 24 bat urtez geroztik. Aurretik, eskulturgintzan eta margotzen ere ibilia da, baina orain argazkigintzan zentratuta dago. «Eskulturgintzatik eta pinturatik ikasitakoak ere balio dit argazkigintzarako, denetan dagoelako konposaketa bat pentsatu beharra», adierazi du. Ikatza elkartean gai guztiak ukitzen badituzte ere, Gili erretratuak egitea gustatzen zaio gehien.
Erretratuez gain, argazkiak egiteko erabilitako atrezzo-a ere ikusi ahal izango da erakusketan. Bestalde, iritzia emateko orri batzuk egongo dira, herritarrek haien ekarpenak egin ditzaten. Erakusketa hau amaituta, erretratuak egiten jarraitzeko asmoa du Gilek. «Berriro material nahikoa biltzen dudanean, eta indarrak berreskuratzen ditudanean, baliteke beste erakusketa bat antolatzea, honi jarraipena emanez», esan du. Horregatik, honelaxe dio irteeran jarri duen kartelak:
Jarraituko du…