Aurtengo Euskal Jaietako gazta lehiaketan 50 bat gazta aurkeztuko dira. Amets Bidek eta Ortzadarrek elkarlanean antolatutako Euskal photocall-a izango da aurtengo berrikuntza nagusia.
Ostegunean eman zitzaien hasiera Euskal Jaiei eta astebukaeran ekitaldi ugari egin dira. Hala ere, biharkoa da egun nagusia, azoka berezia eta latxa edo Karrantzako ardiaren esne gordinez egindako gazta lehiaketa egitekoak dira eta. Aurten 43. edizioa du gazta lehiaketak.
Joan den ostiralean aurkeztu ziren Gipuzkoako Foru Aldundian aurtengo Ordiziako Euskal Jaiak. Agerraldian, Ainhoa Aizpurua, Ekonomia Sustapena, Landa Ingurunea eta Lurralde Orekako Diputatua, Peli Manterola Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendaria, Jose Migel Santamaria Ordiziako alkatea, Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerentea, epaimahaiaren ordezkari bezala Jose Juan Castillo sukaldaria eta Mikel Mendarte Kutxabank-eko ordezkaria izan ziren.
Ainhoa Aizpuru diputatuak adierazitakoaren arabera, «Ordiziako Euskal Jaia lehen sektorea babesteko politikarekin bat datorrela uste dugu; hortaz, horrelako ekintzak babesten jarraituko dugu. Gainera, lehen sektoreari bultzada emateko modurik eraginkorrena horrelako egunak antolatzea dela uste dugu». Lehen sektorea «indartzea eta zabaltzea gure helburuetako bat da» nabarmendu zuen Aizpuruk eta «artzaina, gazta, baserria, baserritarra… lehen sektore horren barruan, gure hezurdura» direla eta «sektorearen etorkizuna bermatzeko, horrelako ekintzak babestuko» dituztela erantsi zuen. Artzainek «eguneroko lanean dituzten beharrak asetzen ahaleginduko» direla ere esan zuen eta «artzaintzaren etorkizuna bermatzea ezinbestekoa dela uste» dutela aitortu zuen.
Ordiziako alkateak joan den urteko Euskal Jaietako gazta lehiaketaren irabazlearen hitzak gogorarazi nahi izan zituen; «Ordizia
hace vibrar! Ordizian egun horretan bizi duguna nik neuk ezingo nuke hobe esan». Gazta lehiaketako emaitzak eskuan izan eta irabazlea nor den esateko une hori «zirrara handiko unea» dela gehitu zuen Santamariak.
Ordiziako alkateak ere, Diputatu andereak esandakoarekin bat egin zuen Euskal Jaiak «lehenengo sektorearen erakusleiho garrantzitsua» direla nabarmenduz. Alkateak, gainera, Ordiziako azokak eta Idiazabal gaztak duten «balio turistikoa oso handia da» eta azoka «altxorra» dela esan zuen.
Miriam Molina Idiazabal Jatorri Izendapeneko gerenteak Ordiziako Idiazabal Gaztaren Kofradiari eskerrak eman zizkion, bihar egingo den gazta lehiaketa «gure produktuaren eta artzainen erakusleiho oso garrantzitsua baita». Aurtengo lehiaketara 50 gazta aurkeztuko direla adierazi zuen.
Gazta produkzioari dagokionez, hainbat datu eman zituen Molinak; azkeneko urtean %5 egin du gora Idiazabal gaztaren produkzioak eta 1.300 tona egin dira. Azkeneko urteak «nahiko negatiboak» izan direla azaldu zuen Molinak, baina badirudi azken urte honetan, produkzizoak «berriz ere gora egin duela» erantsi zuen.
Euskal Photocall-a
Aurtengo Euskal Jaietako azoka bereziaren eguneko berrikuntzen artean, Ordiziako Ortzadar argazki taldeak eta Amets Bide kultur elkarteak elkarlanean, Euskal photocall-a jarriko dute Olano tabernaren parean 12:00etatik 14:00etara. Egitasmo horren bitartez, ordiziarrak euskal jantziekin janztera gonbidatu nahi dituzte eta photocall-ean argazkia ateratzen duenari momentuan inprimatuko diote argazkia. Honez gain, argazkiak sare sozialetan elkarbanatzeko aukera izango da
#nieredotore lemapean. Argazkiak ateratzeaz gain, musika, pintxoak eta bertsoak ez dira faltako.
Trafiko aldaketak
Ordiziako udalak jakitera eman duenez, bihar, Euskal Jaietako azoka berezia egingo denez, trafiko aldaketak egongo dira eta horrek eragina izango du bai gidariengan eta baita autobus zerbitzuan ere. Hala, Beasaingo norabidean autobusek ez dute geltokirik izango erdigunean. Otegieneako eta Urdaneta 46 kaleetako geltokiak egongo dira erabilgarri. Zerbitzua 19:00etatik aurrera normaltasunez emango dela aurreikusten dute udaletik.
Trafiko mozketak ere izango dira ibilgailu guztientzat, «festa egunetan egiten direnak hain zuzen» udalaren prentsa oharrak adierazi duenaren arabera. Bestalde, aparkatzeko gune gehiago zabalduko dira egun honetarako: Urdaneta ikastetxeko atarian, institutuko atarian eta Trevijanoko zelaian hain zuzen ere.
EGITARAUA
Gaur, asteartea
· 17:30. Belaunaldien arteko XXVI. sukaldaritza txapelketa eta Goierriko Odolki Onenaren XXII. dastaketa-lehiaketa, Plaza Nagusian.
· 18:30. Ordiziako Azken erraldoien konpartsaren irteera, trikitilariak eta txarangak lagundurik, Plaza Nagusian.
· 19:00. Arabako Errioxako ardo postuen irekiera, Ordiziako Arboledan.
Bihar, asteazkena
· 09:00. Diana, Ordiziako txistulariek eta trikitilariek, Tolosako dultzaineroek eta Zumarragako Trikitixak lagunduta.
· 09:15. Idiazabal Gazta Kofradiako kideen eta artzainen desfilea, lehiaketako gaztak Beti-Alai pilotalekura eramateko.
· Goiz osoan. Gazta, ganadu, fruta eta barazki, Lumagorri eta perretxikoen erakusketak eta lehiaketak.
· 12:00. Fruta, barazki eta perretxiko lehiaketen sari banaketa, Joxemiel Barandiaran plazan.
· 12:30. Ganadu eta Lumagorri lehiaketen sari banaketa, Garagartza plazan. Segidan, bertsolarien, dultzaineroen eta trikitilarien saioak.
· 13:00. Gazta Lehiaketako sari banaketa eta enkantea.
· 17:30. Profesionalen arteko eskuz binakako pilota partidak, Beti Alai pilotalekuan.
· Victor – Imaz eta Arteaga – Aretxabaleta; Olaizola II.a-Untoria eta Artola- Albisu
· 19:30. Herri kirol jaialdia, Joxemiel Barandiaran plazan.