Oscar Valbuena: «Agenda sozial bat markatzea da euskal sozialiston lehentasuna»
HAUTESKUNDEETAKO ELKARRIZKETAK: Oscar Valbuena (PSE-EE)

Zer du PSE-EEk eskaintzeko, beste alderdiek ez dutena? Guk argi daukagu gure lehentasuna agenda soziala dela, eta beste alderdi batzuek ez dute hain argi. Adibidez, EH Bildurekin lortu ditugu adostasun batzuk legealdi honetan, baina batzuetan albo batera utzi dute agenda soziala, lehentasuna subiranotasunari emanez. Guk proiektu aurrerakoi bat eskaintzen dugu, lehentasuna emanez zerbitzu publikoei, enplegu planei, berrikuntzari… Oso argi ikusten dugu plan industrial bat martxan jarri behar dela, Euskadi mailan eta eskualdeka. Zein dira zuen programako puntu nagusiak? RGI-a aldatu nahi dugu, iruzur fiskalak saihesteko, eta laguntzak beste kolektibo batzuei zabaltzeko. Adibidez, guraso bakarreko familiei, jubilatuei… bideratu beharko litzaizkieke laguntza horiek. Horrez gain, eraginkorragoa izan beharko litzateke. Helburua da laguntza ematea, baina lan bat topatu ahal izateko. Seme-alabak izateagatik laguntza gehiago ere eskaintzen ditugu. Programa oso zabala da, baina puntu batzuk aipatzearren, horiek. Idoia Mendia da zuen lehendakarigaia, lehen aldiz. Zein dira Mendiaren dohainak? 2012az geroztik ezagutzen dut Idoia Mendia. Kontseilaria zen, eta udaletxearekin zerikusia zuen kontsulta bat egin nion. Oso gertuko tratua eskaini zidan. Adibide honekin esan nahi dut Mendiak gertutasuna eskaintzen duela. Horrez gain, seriotasuna eskaintzen du, eta ideiak oso argi izatea. Euskararen inguruan kaleratutako bideoak zeresan handia eman du. Zein iritzi duzu? Bideo elektoral bat da, eta horrela hartu behar da. Gaia ateratzea da helburua. PSE-EE euskararen normalizazioaren inguruko akordio guztietan egon da. Gobernuan egon ginenean ere euskara bultzatu zen eta plan berriak martxan jarri ziren. Bi- deoak ez du zalantzan jartzen euskararen normalizazioa edo erabilpena. Horretan ados gaude. Bideoak zalantzan jartzen duena eta agerian uzten duen arazoa administraziorako sarbidea da. Admistrazioan lan egiteko eskatzen diren hizkuntza perfilak berrikusteko eskatzen dugu guk. Hainbat profesional onek ez dute sarbiderik administrazioan, eskatzen zaion euskara maila minimoa oso altua delako. Uste dugu lanpostu batzuetan eskatzen diren perfil horiek moldatu egin behar direla, adibidez, jendearekin harreman zuzena ez duten lanpostutean. Baina beti euskara maila minimo bat izanda, noski. Otegiren inhabilitazioak ere piztu du polemika. Zein iritzi duzu? Gai konplikatua da. Erabaki judizialak beti errespetatu ditugu. Uste dugu Otegiren auzia beste era batera kudeatu behar zela hasieratik, baina legeak esaten duena errespetatzen dugu. Nolako herrialdea amesten duzu? Lehendabizi normaltasun politiko bat behar dugu, adostasun gehiago lortu behar dira. Gizartearen aldetik, Euskadi sozialago bat lortzea gustatuko litzaidake; gizarte zerbitzuak hobetu egin behar dira. Udalei dagokienez, udalek indar gehiago izatea da gure helburua, zerbitzu hobeak eman ahal izateko. Ekonomia aldetik, industria indartu behar da, eta berrikuntza bultzatu. Horrela ikusten dut Euskadi: bizikidetza, gizarte soziala eta ekonomia bultzatuz. Horretarako lan handia egin behar da legealdi honetan. Azkenik, Euskadi Espainia federal baten barruan egotea ikusten dugu egokiena. Formula egokiena da sentsibilitate guztiak bateragarriak izateko.«Idoia Mendiak seriotasuna, gertutasuna eta ideia argiak eskaintzen ditu» «Otegiren auzia beste modu batera kudeatu behar zen, baina legea errespetatzen dugu»