Luke Uribe-Etxebarria: «Enplegua sortzen laguntzea da gure helburu nagusiena»
HAUTESKUNDEETAKO ELKARRIZKETAK: Luke Uribe-Etxebarria (EAJ)

Erabakitzeko eskubidean, zer proposatzen du EAJk? Politikoki berrikuntza oso garrantzitsua daukagu: Guk orain planteatzen duguna da, Madrilera joan aurretik, hemen lortu daitekeen akordioa, erreferendum edo kontsulta batean jartzea. Hor euskal gizartearen babesa oso garrantzitsua deritzogu. Babesa jaso, Madrilera joan eta gero, noski, negoziatu. Orduan, gero, beste kontsulta bat egingo litzateke. Kontsulta eraikitzailea deitzen dugu. Programan sartu dugu eta uste dugu oso garrantzitsua dela geure ordezkariek Madrilen indar gehiago izan dezaten eta zilegitasun politikoa eta herri zilegitasuna eduki dezaten. Arlo sozialaren alorrean zein helburu duzue? Azken hamarkadetan saiatu garena, giza garapen jasangarria. Hor ez dira bakarrik datu makroekonomikoak, hazkundea, errenta per kapita sartzen. Hor beste arlo batzuk sartzen dira: hezkuntza, osasuna eta gizarte ekintza. Pertsonak erdi-erdian jartzeak hori esan nahi du. Edozein pertsonak gora-beherak izan ditzake bere bizitzan eta guk ezin dugu bazter batean utzi. Baina horrezaz aparte, badago bigarren mailako argudio bat: gizarte lehiakor bat izateko beharrezkoa da desberdintasun handiak ez egotea. Ez dugu esaten berdintasun artifizial horiek aplikatu behar ditugunik, badaude historikoki esperientzia batzuk eta porrot egin dute, baina garbi daukagu desberdintasun handiak baldin badaude gizarte batean, gizarte hori inoiz ez dela lehiakorra izango. Guk hartzen baditugu hainbat parametro, Gini indizea adibidez, gu nahiko ondo gaude. Gazteei zuzenduta zein proposamen luzatu duzue EAJtik? Bai, iragarri dugu zenbait plan martxan jartzea. Gazteei dagokienez, plan bereziak egon behar dira, noski, eta nik uste dut lana partekatua dela: erakundeek egin behar dute, baina gazteek ere bai. Ahalegin bat eskatu behar zaie gazteei. Arlo horretan, formazioa, formazioa eta formazioa esan behar zaie gazteei. Ni 22 urterekin kanpora atera nintzen Lovainako unibertsitatera. Han gelditu nintzen 11 urtez, eta gero itzuli egin nintzen. Niretzat oso esperientzia ona izan zen. Ondo aukeratu behar dute formazioa, eta denon erronka eta eginkizuna da (administrazioarena, enpresena, gazteena, hezkuntzarena) egoera konpontzea. Baina ñabardura batzuekin: gazteen ahalegina behar da, ez dezatela beldurrik izan kanpora joateko. Irailaren 25eko gauean zein titular irakurtzea gustatuko litzaizuke? Emaitza bat ala bestea izan, alderdi politiko guztiak prest daudela alderdi politiko guztiekin hitz egin eta akordioetara iristeko. Itun horietarako aukera desberdinak egongo dira. Zer lehenetsiko zenukete? Lehentasunak, aurretik esandako hiruak. Zeinekin? Ikusiko dugu. Guk eskatzen duguna da guztiok izan dezagula jarrera proaktibo, apropos bat elkarrizketak burutzeko eta behar baldin bada, negoziazioak eta akordioak egiteko. Guk, behintzat, denekin hitz egingo dugu. Igandeko Eusko Legebiltzarreko eta Galiziako hauteskundeek eraginik izan dezakete Madrilgo gobernuaren osaketan? Ez dut uste. Nik uste dut aitzakiak bilatzen ari direla. Orain aurrerapausoak ez emateko aitzakia omen da, ea Galizian eta hemen zer gertatzen den. Guk behintzat garbi esan dugu gure posizioa PPrekiko berdina izango dela, hauteskunde aurretik eta ostean. Ardura PSOEren eskuetan dago. Baina beste irakurketa bat ere badu horrek: Espainia krisi politikoa, instituzionala eta soziala bizitzen ari da eta gobernagarritasun eza eta krisi politikoa sakona da, eta geroz eta sakonagoa Kataluniari eta Euskal Herriari behar bezalako erantzunik ematen ez dielako. Ezin dira baztertu hirugarren hauteskundeak. Honek probatzen du zenbat eta menpekotasun gutxiago Madrilekiko, geroz eta hobea dela guretzat eta gizarte ororentzat.«Madrilera joan aurretik, hemen lortu daiteke akordioa, eta gero kontsulta batean jarri» «Alderdi guztiek akordioetarako jarrera proaktibo bat izatea eskatzen dugu»