Miren Larrion: «Pertsonen bizimodu duina ziurtatu behar da, herri duina izateko»
HAUTESKUNDEETAKO ELKARRIZKETAK: Miren Larion (EH Bildu)
Arabako zerrendaburu da Miren Larrion (Legazpi, 1969). Goierrin jaioa da, 7 urte arte Legazpin bizi izana. Subirautza, arlo soziala eta elkarbizitza hartu ditu EH Bilduk aurrera egiteko zutointzat.
Legazpin jaioa zara. Gogoan dituzu haurtzaroko oroipenak?
Bai. Izugarri maite dut leku hau. Han jaio nintzen, eta txikitako oroipenak hangoak ditut. Unerik edo urterik politenak, agian, han bizi izan ditut. Zazpi urte arte bizi izan nintzen Legazpin. Aita hil zitzaigun, eta gurasoak Araiakoak zirenez, amak familiaren babesa jasotzeko Arabara etortzea erabaki zuen. Legazpin osaba-izebak —zoritxarrez izebak bakarrik bizi dira— eta lehengusu asko ditut.
Ingeniaria zara ikasketaz, eta EHUko irakaslea lanbidez. Politikan noiztik ari zara?
Iazko maiatzeko hauteskundeetatik politikara dedikatuta nago. Gasteizko Udaleko zinegotzi naiz, EH Bilduren bozeramailea.
Hauteskundeotan EH Bilduren zerrendaburu zara Arabatik. Lehendakaritarako hautagai Arnaldo Otegi inhabilitatzeak zer eragin dio koalizioari?
Gauza desberdinak. Batetik, aurreikusten genuen hori gertatuko zela, zoritxarrez. Bagenekien zer beldur dioten Arnaldori, eta mendekua hartuko zutela, nahiz eta arrazoirik ez izan. Prestatuta geunden. Eragin, berriz, lehendakaririk onena izango zatekeena galdu dugu. Arnaldoren maila politikorik ez dauka inork, une honetan: benetako ikuspegia eta konpromisoa herriarekiko.
Lehendakarigaiaren izenik baduzue? Zure izena ere atera da.
EH Bilduren oinarriek aukeratu zuten Arnaldo hautagai, eta inhabilitazioaren ostean ere oinarriei dagokie lehendakarigaia nor izango den esatea. Bitartean, herri eta talde bezala eman dezakegun erantzunik onena ematen ari gara. Lidergoek partekatuak izan behar dute, eta horretan ari gara. Oso argi dugu EH Bildun lidergoa jendearekin partekatu behar dela.
Legebiltzarrerako bozak giro berezian egingo dira, Espainian hutsune instituzionalarekin. Hark zenbateraino baldintzatzen du euskal politikagintza?
Zoritxarrez, Madrilen gertatzen denak guztiz baldintzatzen du hemen egin dezakeguna. Ez jada hauteskundeak direlako, baizik batez ere erabakitzen diren politikengatik. Herri hau dagoen bezala Madrildik erabaki diren hainbat politikagatik dago: krisia, lan erreforma, LOMCE… Beraiek baldintzatu nahi dute gure bizitza, guztiz. Kontua ez da zein den presidentea estatu espainiarrean; dena dela, badakigu kaltegarria izango dela guretzat.
Horren aurrean, EH Bilduk alde bakarreko erabakiak hartzeko garaia dela esan du. Nola?
Oso argi dugu hori dela bide bakarra. Baina ikusten dugu, baita ere, gizartean oraindik beste batzuek ez dutela hori ikusten. Erabakitzeko eskubidea, baina aldebikotasuna defenditzen dutenei —PNV eta Podemos— zera proposatu diegu: ados dezagun planteamentu bat, galde diezaiogun benetan herriari, eta jendeak erabakiko duena eraman dezagun aurrera. Edozein proiektutan bezala, hasieran Madrilera eramango dugu, baina arrisku plan bat izan behar dugu. Hau da, bide horrek muga izaten duenean —eta badakigu Madrilen zein muga izango duen—, guk zer egingo dugun herriaren nahia betetzeko.
Bide horretan, legegintzaldia zertarako baliatu nahi duzue? Guk benetan nahi duguna gobernatzea da. Azken zortzi urteetako bi legealdiek, bai Patxi Lopezena, bai Urkullurena, ez dute ezertarako balio izan. Urkulluk berak onartu du ez dituela lortu jarritako helburuak. Momentu honetan, Eusko Jaurlaritza txirrindu estatikoa bezalakoa da: pedalkadak eman bai, baina aurrera egin ez. Horri buelta emateko gaude. Arlo sozialean, arlo soberanistan eta bakegintzan aurrera egin behar dugu; zeren, bestela, atzera ari gara. EH Bildu indartsua da berme bakarra herri honek aurrera egiteko, murrizketekin amaitzeko, subirautzan aurrera egiteko eta elkarbizitzan ere pausoak emateko. Nolako indar metaketak edo laguntasunak aurreikusten dituzu Legebiltzarrean? Hainbat gauzatarako PNVrekin planteatzen dugu elkarlana, eta hainbat gauzatarako Podemosekin. Gasteizko Udaleko eredua. Biekin burutu ditugu akordioak, eta aurrekontuak baita PSErekin ere. PP kenduta, Legebiltzarrean dauden indar guztiekin posible da aliantzak egitea. Herri mesederako baldin bada, indar politiko guztien artean adostea posible da. Hori da gure xedea. Bi legealdi galdu dira, baina batez ere jendearen interesak ez dira hobetsi. Taldeenak hobesten dira, eta ez da horretarako garaia. Akordioetarako garaia da, herri bezala aurrera egiteko, herriak markatzen digunari kasu egiteko, hainbat gauza atzean uzteko eta aurrera begira jartzeko. Horrek adierazten du akordioak nortzuekin egin. Beraz, EH Bildu gobernatzeko prest dago? Handira jokatzen ari gara. Uste dugu denbora gehiegi galdu dela, eta garaia ailegatu da ganoraz heltzeko. Oposizioan egokituz gero, nolako lau urte ikusten dituzu? Gasteizen oposizioan gaude, eta gobernatzen ari gara, neurri batean, besteekin batera. Lidergo partekatuaren kontzeptua da. Leku batean edo bestean, gobernatzearen aldeko apustua egiten dugu. Kargua izan edo ez izan, indartsu baldin bagaude, gure hitza herriaren interesak defendatzea da, eta akordioak lortzea. Indartsu egotea, eserleku kopurua da; ezin dugu ukatu. Indar nahikoarekin, hurrengo legealdia ez da galduko. Hori, ziur. Aipatu dituzun erronken artean, estatus-politika-instituzio rloari ala gizarte-krisi-erreforma-murrizketa atalari emango diezue lehentasuna? Edo denak lotuta daude? Ezinbestekoa da subirautza, arlo sozialean aurrera egiteko. Eta ezinbestekoa da arlo sozial indartsua, burujabetzan aurrera egiteko. Hirugarren zutoina elkarbizitza da. Esaten duena bat lortuko duela bestea gabe, alferrik dabil. Kontua da zer motatako gizartea nahi dugun. Pertsona bezala, oso argi dut guztiok nahi dugula geure erabakiak hartu eta bizimodu duina eduki. Hori bera politikara eramanda, bata bestearekin lotuta daude, eta bietan eragin behar da. Denborak desberdinak izango dira, garbi dago. Baina burujabetzan pausorik ematen ez badugu, erreskate soziala ere alferrik izango da. Zeren, edozein egonda ere lehendakari, Madrildik datorkiguna aplikatuko da, eta Espainiako mailara joango gara. 2016-2020an zer aldatuko da? Bizimodu duina ziurtatu behar dugu; lehenengo hortik abiatu behar da. Ezin dugu herri duina izan, ez baditugu pertsonak bizimodu duinarekin. Baina jasaten ditugun hainbat erasoren aurrean ere eraiki egin behar dugu. Hezkuntzan edo osasungintzan, adibidez, pausoak ematea oso garrantzitsua da, eta Madrildik datorrenaren deskonexioa. Horrek eramango gaitu burujabetzara. Nola lortu? Beharrezkoa izango da gero eta planto gehiago egitea, gure gizartearen interesak defendatzeko.«Bagenekien zer beldu zioten Arnaldori, eta mendekua hartuko zutela. Prestatuta geunden» «Gasteizko Udaleko ereduan, lidergo partekatua posible da Legebiltzarrean»