Beasaingo eta Irungo langileek bi orduko lanuzteak egingo dituzte bihar, hilaren 8an eta 10ean. Lan karga igo dela ikusita, «enpleguaz hitz egitea presazkoa» dela uste dute
2012ko mobilizazioetan egindako batzarra.
CAF enpresako Beasaingo eta Irungo langileak kezkatuta daude zuzendaritzaren kontratazio politikarekin, eta lanuzteak deitzea erabaki dute, «azpikontratazioaren aurka eta enpleguaren alde». Bihar, hilaren 8an eta 10ean, bina orduko etenaldiak egin eta batzarrean bilduko dira langileak, egoeraren inguruko informazioa eman eta aurrera begirako pausoez hitz egiteko.
Enpresa batzordeak zabaldutako oharraren arabera, datorren urterako lan karga aurreikusten zena baino handiagoa izango da. Hori dela eta, «enpleguaz hitz egitea presazkoa» dela uste dute. Izan ere, batzordearen arabera, «zuzendaritzak ahal duen guztia azpikontratatzeko asmoa» du eta asmo hori, «hasiera-hasieratik gelditu» behar dela uste dute. Batzordearen arabera, sail guztietan langileak falta dira eta bezeroen eskaerekin eta lan kargarekin «beharrak handitu» egin direla diote. Azken aldian, «hamarka tituludun» kontratatu dituztela azaldu du batzordeak. «Hori positiboa iruditzen zaigu, noski, bania tailerreko langileen kontrataziorik ez da ikusten».
Hala, «baldintza ezegonkorrak» eskaintzen dituen azpikontratazioa gelditu eta «zuzendaritza kontratatzen hastera behartzeko borroka» egitea pro- posatzen dute.
Altzairutegiaz akordioa
Altzairutegiaren egoera da sindikatuen beste kezka iturrietako bat. Batzordeak azaldu duenez, zuzendaritzarekin akordioa lortu dute, sekzio horren jarduera eteteko jarritako data (2017ko urtarrilaren 1a) bertan behera uzteko. Altzairutegiaren egoera eta dituen arazoak aztertzeko «baldintzarik gabeko elarrizketarako gunea irekitzeko konpromisoa» hartu dute bi aldeek.