Jon Ander Insausti: «Errendimenduaren arabera egutegi bat ala bestea izango dut»
Txirrindularitzako ibilbidean goren mailara igotzea lortu du Jon Ander Insaustik (Mutiloa, 1992) Barhain-Merida taldearekin urtebeterako kontratua sinatu ondoren. Ion Izagirre lehengusuari laguntzea du egiteko nagusia; ilusioz bizi du bizitzako etapa b...
ESANAK: «Ion Izagirrek konfiantzazko norbait nahi zuen, eta ni aukeratu ninduen» «Gustatuko litzaidake Euskal Herriko Itzulian parte hartzea baina ikusiko dugu»Egutegia zehaztuta duzu? Otsailean Murtzia-Almeria egingo dut, gero Portugalen Algarveko Itzulia, eta handik bueltan Belgikako klasikatara joango naiz. Hortik aurrera, errendimenduaren arabera, egutegi bat edo bestea jarriko zidatela esan zidan taldeak. Hasiera bateko egutegia eman didate, eta ondo baldin banabil lasterketa batzuk edukiko ditut, eta ondo ez banabil, beste batzuk. Orain lana egitea tokatzen da. Euskal Herriko Itzulian izango zara? Ion eta taldea bai. Ni ez dakit, postua irabazi egin beharko da. Gustatuko litzaidake, baina ikusiko dugu. Zein ezaugarritako txirrindularia zara? Lauan ondo ibiltzen den txirrindularia naiz, igoera motzak ondo egin ditzaket, luzeetan penalizatuta nago pixka bat. Lauan laguntzeko, gizon azkarrei esprintetan esku bat botatzeko, erlojupekoetan ondo moldatzen naizen txirrindularia naiz. Haizea kentzeko ona, liderra ahalik eta erosoen eramateko. Egia esanda, lan gogorra da baina gustura egiten dudana. Egun bateko lasterketak ondo joaten zaizkit, indarra behar den lasterketetan. Entrenamenduetan aldaketarik izango duzu? Entrenamenduak egiteko gure betiko taldeak segituko dugu: Gorka eta Ion Izagirre, Pello Olaberria eta lauok. Aldaketa lasterketetan izango dut. Beste lasterketa batzuetan parte hartuko dut, beste egoera batean, beste baldintza batzuetan. Baina berez oinarria ez da aldatzen; etxean jarraituko dut, gero taldearekin kontzentrazioetara eta lasterketetara joango naiz. Urtebeterako fitxatu duzu. Bai, kontratua berritzea irabazi egin beharko da. Baina orain aukera hori edukitzea bera, loteria tokatzea bezalakoa da niretzat. Izan beharrekoa izango da. Exijentzia handiko urtea izango da; momentu onekin batera momentu txarrak ere egongo dira, baina espero dut momentu on horiek merezi izatea. Eta Mutiloako Iturriotz baserrian ospatzea. Hori da. Eta nik uste dut ospatuko dugula. Ez dakit nigatik izango den, baina Gorkak edo Ionek egingo dute akzioren bat aurten ere, eta ospatuko dugu. Aurten Ionek Tourreko etapa irabazi zuen. Ospatu zenuten? Ondo ospatu genuen bai. Telebistari begira negar batean egon nintzen, emozioarekin. Egia esan, momentuan hunkitu egin nintzen. Bizi guztian berarekin nago eta momentu hori bizitzea eta ikusteak, hunkitu egin ninduen. Ez litzateke txarra izango berriro errepikatzea. Zu ondoan bazeunden hobeto. Hori da! Lasterketan egongo banintz… kategorian!. Zer dago Mutiloan hainbeste txirrindulari ateratzeko? Ion eta Gorka bezalako txirrindulariak izatea bultzada handi bat da, ispilu bat da. Horrek zaletasun asko sortzen du eta txirrindularitzagatik apustu egin duen belaunaldi bat badago eta ondo ateratzen ari da. Espero dut, gainera, ondo segitzea. Txirrindularitzaren egoera ez da onena. Ez. Egia esanda, Goierrin txirrindularitza jaitsi da, baina oso indartsu segitzen du Euskal Herriko beste alde batzuekin alderatuta. Euskal Herrian krisia nabaritzen da. Geroz eta talde gutxiago daude, eta talde gutxiagok txirrindulari gutxiago esan nahi du. Baina azkenean kalitatea kantitatetik egiten da.