Araiako Unai Lekuona artzainak irabazi du Aizkorri-Aratzeko Gazta Lehiaketa, Zegaman
San Martin feria egin dute, gaur goizean, Zegaman. Herriko ganadu erakusketa eta lehiaketaz gain, Aizkorri-Aratz Parke Naturaleko 18. Gazta Lehiaketa ere jokatu da. Araiako (Araba) Unai Lekuonak irabazi du, 211 punturekin. Bigarren Idiazabalgo Aranburu Elkartea izan da (208), eta hirugarren Munaingo (Araba) Zabaleta Kooperatiba. Lekuonak lehendabiziko aldiz irabazi du Zegaman; Aranburu 2005, 2006, 2007, 2010ean txapeldun izan zen, eta Zabaleta 2013an.
Parke naturalarekin lotura duten 26 gaztagilek aurkeztu dituzte gaztak, lehiaketara. Epaimahikideen artean izan dira, besteak beste, Alberto Zerain mendigoizalea, Oihana Kortaza mendi korrikalaria, Zigor Urrutia Txoriene programaren aurkezlea, Seu d’Urgelleko eta Sant Sadurní d’Anoiako udal ordezkariak, eta Idiazabal Gazta jatorri izendapeneko kideak, Joxe Mari Uztarroz lehendakaria buru.
Zegamako ganaduzaleen artean, abere azienda bakoitzeko sariak ere banatu dituzte:
- Ardiak: Iroitz Etxeberria (Aitamarren baserria).
- Bildotsak: Joxe Migel Azurmendi (Uztarron).
- Ahuntzak: Ander Lasa (Koba).
- Pirenaika behiak: Belen Azurmendi (Arretxe).
- Behi nahasiak: Andres Zabaleta (Iruetxeta).
- Behi suitzarrak: Juanito Azurmendi (Uztarron).
- Zezenak: Jon Antia (Arretxe).
- Zaldiak: Iker Zubeldia (Txaratxipi).
- Etxe-behorrak: Jabier Arrondo (Amiñabarren)
- Mendi-behorrak: Ibai Aizpeolea (Aiztiberri).