Ostiralean da udazkeneko bertso hitzordu seinalatuena. Bertso-Olariak eskolakoek antolatutako bertso jaialdia 22:30ean hasiko da. Leihatila 22:00etan irekiko dute

Legazpiko bertsozaleek badakite udazken partean hitzordu berezia dutela Latxartegi aretoan. Bertso-Olariak eskolako kideek antolatutako jaialdiak eskarmentu handiko bertsolariak ekarri ditu Legazpira azken urteotan eta oraingoan ere kartela bete duten izenak ez dira nolanahikoak. Hain zuzen, Mikel Artola, Amets Arzallus, Oihana Iguaran eta Alaia Martinek harilkatuko dituzte Ane Beloki bertsolari gazteak jarriko dizkien gaiak.
Arzallusek eta Martinek ezagutzen dute honezkero Legazpiko oholtza; Iguaranek eta Artolak lehenengoz kantatuko dute Latxartegiko bertso jaialdian. Edonola ere, Artola ezaguna da Legazpiko ikasleen artean azken urteotan Domingo Agirre ikastetxean eta Haztegi ikastolan bertsolaritza eskolak ematen aritu delako. Lan hori utzi berritan, Legazpira bertsolari gisa itzuliko da ostiralean. Axier Iriondo Bertso-Olariak eskolako irakaslearen hitzetan, «ikasleen artean ezaguna izanagatik bere ikasle izandakoak saiora etortzea espero dugu».
Ane Beloki 17 urteko legazpiar bertsolaria lehenengoz arituko da gai-jartzaile lanetan. Belokik bertsolari gisa bi hitzordu ditu aurreikusita: Legazpiko taldearekin Gipuzkoako Herriarteko Txapelketan aritzeko eta otsailean Gipuzkoako Eskolartekoan parte hartuko du.
Iriondok azaldu duenez, «udazkeneko bertso jaialdia Legazpiko Udalarekin daukagun hitzarmenaren baitan dago. Urtean zehar bertsoarekin lotutako lau ekitaldi antolatzen ditugu eta horietako bat da ostiraleko bertso-jaialdia».
Otsaila partean bertso afaria egin ohi dute hitzarmen berberaren harira eta, hala maiatzeko Santikutzetan nola iraileko Santikutz txikietan, bertsoarekin lotutako saio bana prestatzeko konpromisoa daukate. Jaialdiez eta saioez gain, Bertso-Olarien jardunaren muinean bertso eskolak daude. «Aurtengo ikasturtean lau talderekin ari gara lanean; hogei gazte nahiz gaztetxorekin», jarraitu du Iriondok. Eskolak ematen Iriondo bera, Ane Beloki, Julen Agirreburualde eta Joxe Arizkorreta aritzen dira.
Gaztetxean tailerra
Udalarekin duten hitzarmenetik kanpo Beti Gazte eta Gaztetxearekin batera bertso bazkaria egiten dute otsaila bueltan eta aurten, berritasun gisa, Gaztetxean bertso-tailerra ematen hasi dira ostiral iluntzeetan. Tailerrean hamabi lagun parte hartzen ari dira.
Datorren ostiraleko jaialdia Latxartegin izango da 22:30ean hasita. Sarrerak hartzeko leihatila 22:00etan irekiko dute. Orain artean, legazpiarrek harrera beroa egin diote jaialdiari eta Latxartegi aretoa bete dute gutxi asko. Iriondoren hitzetan, «100-150 lagun izaten dira udazkeneko bertso-jaialdian eta aurten ere kopuru horren bueltan ibiliko garela uste dugu».
«Gai-jartzaile lanak badu bere mamia, ondo azaldu behar dira gaiak»
Ane Beloki (Bertsolaria)
Bertsolaria zara. Ostiralean lana aldatu eta gai-jartzaile arituko zara bertso jaialdian. Baiezko borobila eman zenuen?
Bai. Esperientzia berria da niretzat. Lehenengoz jokatuko dut gai-jartzaile rola, eskarmentu handiko bertsolariekin gainera. Gai-jartzailearen lanak badu mamia, bertsolariei ongi azaldu behar diezu gaia zein den eta bere alde zailak izango dituela pentsatzen dut.
Prest al daude gaiak?
Bertso eskolan prestatu dituzte eta nik ahotsa emango diet. Egunerokotasunari lotutako gaiak dira, jolas modukoren bat egingo dugu eta umoretik heltzeko gairen bat ere egongo da.
Nondik datorkizu bertsolari sena?
Gure aitona ibili zen bere garaian eta familiakoek odolean daramadala esaten didate.
Jaialdiko kartela nola deskribatuko zenuke?
Kartel polita da, bizi-bizia.