Mundu bete gazta
Munduko osoko gaztagileak elkartu dira gaur Donostiako Kursaalen ospatzen ari diren International Cheese Festival jaialdian. Aurten aurreneko aldiz, britainiar uharteetatik kanpo egin dute lehiaketa, eta Artzain Gazta elkartearen bidez iritsi da Euskal Herrira. Joseba Insausti Artzai Gazta elkarteko kidearen esanetan, poza baina “ardura handia” ere bada horrelako jaialdi bat antolatzea. Eli Gorrotxategik ere, “honen atzetik lan handia” dagoela gogorarazi du, eta hemengo artzainen lanari eta bizimoduari egindako errekonozimendua dela.
Irekiera ekitaldian, Markel Olano Ahaldun Nagusiak, Bittor Oroz Nekazaritza eta Landa eremuko Sailburuak eta Eneko Goia Donostiako alkateak parte hartu dute, besteak beste. Goizean zehar, jatorri izendapen ezberdinetako gazta postuez gain, World Cheese Awards sarietarako hautaketa egiten ari da epaimahaia. 3.000 gaztaren artean, 64 aukeratuko dituzte aurrena, eta horietatik 16 pasako dira azken finalera. Arratsaldean jakinaraziko dute sari nagusiaren irabazlea nor den.