Orbea emakumeen lehen taldea omendu dute II. Gabiria Kopan
Emakumeen txirrindularitzan aitzindari izandako Orbea taldea omendu dute gaur arratsaldean II. Gabiria Kopa denboraldiaren amaierako jaian. Josune Gorostidi, Txitxi Orbegozo, Amaia Elosegi eta Dina Bilbao zena (1997an Karibe itsasoan desagertua) izan dira omenduak –Bilbaoren izenean Josu Iztueta abenturazale tolosarrak jaso du oroigarria–. Omenduei babesa ematen, besteak beste, Ion Izagirre eta Gari Bravo txirrindulari goierritarrak, Leire Olaberria Ikaztegietako txirrindulari ohia eta Xabier Usabiaga telebista aurkezlea eta txirrindularitza gaietan adituak izan dira.
Bazkalondorenean eman dituzte sariak. Lehenbizi, Tropela-ren barruko Gabiriako Kopa tropeltxoaren sarien txanda izan da. Honakoak izan dira sarituak, sailkapen ordenaren arabera: Aritz Lasa pilotari ohi urretxuarra, Asier Isasi, Sergio Azkarate, Igor Torner eta Eneko Garate.
Segidan lehiaketa txiki bat egin dute Osinalde elkartera bildu direnen artean, zeinek asmatu du Ion Izagirreren pisua. Gehien hurbildu dena Eneko Garate izan da, eta antolatzaileen esanetan gehiengoak oso azpitik egin dute apustu. Baskula digitalaren arabera, 66,3 kilo ditu gaur-gaurkoz Ormaiztegiko txirrindulariak. Izagirreren Movistarreko maillot bat ere zozkatu dute, eta Leire Murua gabiriarra izan da zorteduna.
Omenaldia, bertso eta guzti
Txitxi Orbegozo omenduak egindako bideo-muntaia batekin hasi da omenaldi ekitaldia. Xabier Usabiagak hartu du ondoren hitza, eta hitz goxoak izan ditu emakume horientzat: “Eskerrik asko txirrindularitzaren alde, eta bereziki emakumezkoen alde egindako lanarengatik”. Maialen Lujanbiok Londrestik bidalitako bertso bana entzun ondoren, antolatzaileen oparia jaso dute omenduek.
Mahai bueltako hitz aspertuan jarraituko da jaiak Gabiriako Osinalde elkartean.