Bakoitzak bere aletxoa jarriz
Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzeko, ekitaldi ugari antolatu dituzte gaur eta bihar Goierrin. 'Zer egin dezaket nik euskararen alde?' galderari erantzuten saiatuko dira goierritarrak.
Euskarari egin dakiokeen omenaldirik eta ekarpenik onena, urteko 365 egunetan, noiznahi eta nonahi euskara erabiltzea eta euskaraz bizitzea bada ere, abenduaren 3a, egun berezia da euskaldunen egutegian: Euskararen Nazioarteko Eguna. 1949. urtean Eusko Ikaskuntzak jarritako data da, Xabierko Frantzisko deuna hil zen eguna. 1995ean, Eusko Jaurlaritzak eta Euskaltzaindiak egun hori instituzionalizatu egin zuten, abenduaren 3a, Euskararen Nazioarteko Eguna izendatuz.
Ospakizun eta aldarrikapen eguna izango da gaur eta bihar Goierrin. Ekitaldi ugari antolatu dituzte ikastetxeek, udalek eta herrietako eragileek. Abenduaren 3a aurten larunbata izaki, Goierriko ikastetxe gehienek gaur egingo dituzte euskararen aldeko mezuak zabaltzeko eta barneratzeko ekitalidiak.
Adierazpen bateratua
Bihargo egunari begira, Zer egin dezaket nik euskararen alde? izenburua daraman adierazpen bateratua sinatu dute Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek uda-lek, Eudelek, Uemak eta Kontseiluak. 500 atxikimendu baino gehiago jaso ditu adierazpenak; Goierriko hainbat udalek ere bere egin dute. «Abenduaren 3a pozik bizitzeko eguna dugu euskaldunak» esaldiak ematen dio hasiera adierazpenari. Izan ere, «euskara bizitzen ari den zabalkundea gizarte osoaren nahi eta ahaleginari esker gertatu da. Norbanako askoren eta kolektibo askoren ekimenari esker. Jende askoren eskuzabaltasunari esker. Gizarte osoak proiektu kolektibo gisa bereganatu izanari esker. Konpromiso publiko eta pribatuari esker. Gizartearen adostasunari esker».
Euskararen alde bakoitzak jarritako aletxoa eta ahalegina eskertzearekin batera, Euskararen Nazioarteko Eguna «indarberritzeko eguna» ere badela dio adierazpenak: «Gaur egun, oraindik, bi hizkuntza ofizialen berdintasun sozialetik urrun gaude. Euskarak eta gaztelaniak, erabilerari dagokionez, legezko aitortza berdina dute, baina gizartean egoera desberdina bizi dute».
Horren harira, urratsak ematen jarraitzeko beharra dagoela azpimarratzen du. «Herri aginteok eta askotariko gizarte-eragileok elkar hartuta ospatu nahi izan dugu aurten Euskararen Eguna. Euskara eta hizkuntza elkarbizitza sendotzeko konpromiso bat hartu nahi izan dugu, nork bere neurrikoa, nork bere ahalaren araberakoa. Horretarako, gure buruari galdera bat zuzendu diogu: Zer egin dezaket nik euskararen alde? Adierazpen honen sinatzaileok galdera horri erantzun propioa eman nahi diogu, gure esparruan euskara modu edo neurri batean zein bestean indartzeko erantzun bat». Era berean, herritar eta gizarte eragile guztiak gonbidatu nahi dituzte galdera hori egitera eta «nork bere neurriko erantzuna hausnartzera, guztion ekarpenak baitira baliagarri eta onuragarri euskararen biziberritzerako eta guztion arteko elkarbizitza sendotzeko».
ELA eta LAB sindikatuek ez dute bat egin adierazpen bateratu horrekin, batetik adierazpenak «konpromiso indibidualak» aipatzen dituelako, «herri aginteek duten erantzukizun politikoa maila berean jarriz». Sindikatuen ustez, «ezin dugu maila berean kokatu instituzio eta herritarron erantzuna».
Arnasguneen hausnarketa
Nork bere buruari Zer egin dezaket nik euskararen alde? galdera erantzutearekin batera, Uemako hainbat herritan hausnarketa tailerrak egiten ari dira. Legorretan egin zuten lehena; atzo Zaldibian egin zuten eta bihar Zerainen egingo dute. Euskara nagusi den tokietan eta he- rrietan arnasguneak deitzen zaie erdararako joera duten haurrak eta helduak gero eta gehiago direla antzeman dute, eta horretarako antolatu dituzte Sendotu arnasguneak haur eta helduak elkarrekin tailerretan. Batetik, «arnasguneen garrantziaz ohartzea, eta herritarrek hizkuntzaren garapenean duten eragina ikustea» da helburua. Bestetik, «umeek zein helduek beraien hizkuntza hautuez zein ohiturez hausnartzea» nahi dute tailerretan. «Haur zein helduekin aztertuko ditugu gure hizkuntza ohiturak, eta hutsuneak nola landu daitezkeen ikusiko dugu, adin tarte bakoitzarentzat egokitutako ariketekin».
Ingudea osatzen duten enpresen marrazki lehiaketa
Goierriko lantegien euskara batzordea da Ingudea; CAF, Ederfil, Becker, Eredu, Estanda, Ezarri, Goieki, Goilaser, Hertell, Irizar, Orkli eta Montte enpresek osatzen dute. Euskararen Nazioarteko Egunaren harira, marrazki lehiaketa antolatu dute, bertako langileen seme-alabei zuzendua. Bi sari banatu dituzte: 0-6 urte bitartekoen mailan, Eki Otxotorena Esnaolak jaso du eta 7-12 urte artekoetan, Ainara Lozano Moyanok.
EKITALDIAK HERRIZ HERRI Arama · Gaur. 18:00etan, Loreak filmaren emanaldia, Iriarte aretoan. Ondoren, euskararen aldeko topa, tabernaren inguruan. Udalak, Euskaraz bizi nahi dut lema duten banderak jartzeko deia egin die herritarrei. Udaletxean daude salgai. Ataun · Gaur. 15:30ean haurrekin ekitaldiak Barandiaren eskolan. · Bihar. 18:30ean, San Martingo plazan: trikitilariak, Eate abesbatza, bertso eskolako gaztetxoen agurra, Euskal Herrian Euskaraz kanta bat eginik, dantza taldea eta eskolako haurren ikuskizuna, dokumentuaren irakurketa, Pili Eskisabelen ipuin kontaketa, kalejira, jatekoa… Beasain · Gaur. Ikastetxeetan ekitaldiak. · Loinazko San Martin plaza azpian, egun osoan, murala jarriko da herritarrek mezuak jar ditzaten. · 17:30ean, erraldoiak eta buruhandiak eta 18:30ean, mintzodromoa. Ezkio-Itsaso · Bihar. 16:30ean, Igartubeitin, Patxi Zubizarretaren Baserriak barre egiten duenean kontakizunean oinarritutako ipuin kontaketa, Ameliren eskutik. Gabiria · Bihar. 17:00etan, Elizako Saloian, herri eskolako haurren Nolegako emanaldia: Lapurreta zapuztua eta Parisera bidaia antzezlanak, bertsoak eta abestiak… Idiazabal · Bihar. Xapobixik eta Udalak antolaturik, Idiazabalgo hizkuntza ondarea biltzeko asmoarekin herriko txoko ezberdinetan idiazabaldarrei herriko hitzak eta inguruko azalpen edo pasarteak idazteko aukera emango zaie. Itsasondo · Bihar. 11:00etan, binakako herri krosa eta hamaiketakoa plazan. 19:00etan, talo jana. 19:30ean, Euskararen aldeko sketcha pilotalekuan. Arratsalden Urkipe eskolan egindako esku lanak ikusgai egongo dira ludotekan. Lazkao · Gaur. 11:30ean, udaletxeko balkoitik haurren pregoiaren irakurketa eta kantu jira plazan. 14:30ean jolasak ikastolan. 17:00etan, udaletxeko balkoitik helduen pregoiaren irakurketa eta buruhandiak, txistulariak. 17:45ean, erromeria plazan. 18:30era, kantu jiraren irteera Lazkao Txiki Zelaitik. 22:00etan, Kepa Junkera eta Sorginak taldearen kontzertua Arerian. Legazpi · Gaur. 19:00etan, bertso eskola irekia, kultur etxean. · Bihar. 12:00etan, Lek erraldoi eta buruhandi konpartsaren kalejira, Urolatarrak txarangak lagunduta. 17:00etan, kafe solasaldia Latxartegin, mintzalagunekin. Itziar Ituño aktorea gonbidatuko dute. Legorreta · Bihar. 18:30ean hasita, Txerri Festa: txerriaren zatiketa, odolkiak egitea, txerriki zatien zozketa eta pintxo salmenta. Eskolako haurren abestia, euskararen inguruko herritarren pertzepzioari buruzko galdeketaren emaitzen aurkezpena eta zozkeketak. Mutiloa · Bihar. Arratsaldean, Euskararen aldeko adierazpenak jasotzeko panela egongo da plazan. 19:30ean, gaztaina jana. Olaberria · Gaur. Goizean, euskararen erabileraren inguruko hausnarketa. 15:15ean kantu saio eskolan. 16:30ean, txokolatea Arkupe elkartean. 17:00etan, ipuin kontaketa Jolas Txokoan. Ordizia · Gaur. Eskolek Euskararen Eguna ospatzeko ekitaldi desberdinak egingo dituzte. 16:00etan, Zuhaiztin, bingo jokoa euskaraz. 20:00etan, Ordizia kantari: Oroith, Umore Ona, Larrunarri eta Santa Ana abesbatza, eta Amets Bide dantza taldearekin. · Bihar. 18:30ean, Euskararen aldeko Elkarretaratzea, Plaza Nagusian. Zesurari aitortza. 19:30ean, Batzunbatzuk euskal kanten kontzertu akustikoa, D’Elikatuzen. Ormaiztegi · Gaur. 11:30ean, Euskararen kalejira eskolatik udaletxera. 16:30ean, Zumalakarregi museoan jolasak, 6 eta 12 urte arteko haurrentzat. 18:00etan, Euskaraz Bizi Nahi Dut film labur bildumaren proiekzioa udaletxepeko aretoan. Jarrain, Euskararen mintzodromoa. 20:00etan, Txintxo Ibili bakarrizketa Barry Manleyrekin karpan. Segura · Gaur. Eskolan, 10:00etan herri kirolak eta jolasak, 12:00etan pankarta zabaltzearekin batera kantu emanaldia eta bukaeran, taldeka pankartarekin argazkiak ateratzea. 16:30ean txokolate beroa. 16:45ean Barriola San Adriango Azeria filma eta 18:00etan Miñaripe jolas lehiaketa Botikaxaharrean. · Bihar. 12:00etan, ipuin, bertso eta marrazki lehiaketako sari banaketa Botikaxaharrean. 14:30ean, Durangoko azokara joateko autobusa aterako da. Urretxu-Zumarraga · Gaur. La Salle Legazpi ikastetxean bertso, kartel lehiaketa, pintxoak, bertso, dantza eta kantu jaialdia. · Bihar. 12:00etan, euskaldun berriei errekonozimendu saioa, Antio Interpretazio zentroko kanpo aldeari Euskaldun berrien ataria izena jarriko dote. 12:15ean, Mintzodromoa. Antiora igotzeko autobusa egongo da 11:45ean Elizkaletik. 13:15ean, Ikastolakoen Flashmoba Lizeoko patioan. Zegama · Gaur. Ikasleen artean Euskara gure ahoan Euskal Herri osoan pankarta egingo dute. Eskola sarrera irteeretan Euskararen txantxangorria abestia jarriko dute. Atari garaian, 6. mailako ikasleek dantza egingo dute. · Bihar. 17:00etan, ludotekan, Kantu eta Kontu emanaldia. Zerain · Bihar. 17:00etan, Sendotu arnasguneak haur eta helduek elkarrekin tailerra, kultur etxean. Ondoren, mokadutxoa Liztormendi elkartean.













