Berezko hiztunak
Landareari lurrak bizi-indarra ematen dion bezala, hiztunek ematen diote bizi-indarra hizkuntzari. Lurra nolakoa, halakoa izan ohi da landarea, indartsuagoa edo ahulagoa. Hiztunek ere eragin betea dute hizkuntzen indar edo ahulezian; hiztunak dira hizk...
Irudika dezagun euskara landare bat dela eta lorontzi batean dugula. Lorontzi horrek, gaur egun, orain 30 urte baino % 70 lur gehiago dauka. Baina lur berri horrek ez dio landareari bizi-indarrik ematen. Landarea ez da hazten, ez da indartzen. Gainera, gure landarea ahultzen ari ote denaren irudipena dugu, izan ere, hosto batzuk horaildu egin zaizkio (gune euskaldunetan, euskararen arnasguneetan, galerak antzeman dira azken mapa eta inkesta soziolinguistikoetan). Horixe dugu euskararen gaur egungo egoera: azken 30 urteotan hiztun asko irabazi ditu, baina hiztun berri horiek ez diote bizi-indarrik ematen.
Zer gertatzen ari da? Euskarak lur berri dituen hiztunak etengabe irabazten dituen arren, zergatik ez du indarrik hartzen euskal gizartean komunikaziorako tresna gisa? Erantzuna begibistakoa da: euskararen landareak lur gehiago irabazi duen arren, lur horretan beste bi landare ere badirelako, euskara baino handiagoak eta indartsuagoak: gaztelania eta frantsesa. Bi landare horiek sustrai luze eta indartsuak dituzte eta euskarak daukan lur horretatik elikatzen dira. Bi landare horiek euskararen funtsezko bizigaia bereganatzen dute: hiztunak bereganatzen dituzte.
Beraz, nahiz eta euskarak azken 30 urteotan % 70 lur gehiago izan, lur hori elikagai potentziala du, baina ez benetakoa. Euskara elika dezakeen lur berri horrek, hiztun berri horiek, ez dute euskara elikatzen, lorontzi berean dauden erdarak elikatzen dituzte. Hiztun horiek horregatik moldatzen dira hobeto erdaraz: bizi-indarra erdarari ematen diotelako eta ez euskarari. Euskararen hiztun potentzialak dira, baina ez funtzionalak.
Datuek ere horixe diote: EAEko euskaldunen % 44 hobeto eta errazago moldatzen da erdaraz euskaraz baino. Horrela dio 2016ko urrian argitaratu berri den VI. Inkesta Soziolinguistikoak. Hauts horretatik sortua da lohitzen gaituen lokatza.
Euskarak indarberritzeko duen hiztun beharra aldarrikatuz, horrela irakur zitekeen, 2015eko 19. Korrikaren hasieran, Urepelen etxe baten leihotik zintzilik jarritako pankarta batean: «Gutarik bakoitzak anitz hizkuntza ukan ditzake, euskarak gu baizik ez gaitu».
Beste galdera bat sortzen zaigu: Nolakoak behar dute hiztunek hizkuntza bati bizi-indarra emateko? Zer hiztun mota behar du hizkuntza batek gero eta indartsuagoa izateko? Nolakoak izan behar dira hizkuntza baten tajuzko hiztunak edo berezko hiztunak, alegia, hizkuntza batek bere-bereak dituen hiztunak?
Bi ezaugarri nagusi izango dituzte berezko hiztun horiek:
1. Ezagutza: Hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko beste edozein hizkuntza erabiltzeko baino erraztasun handiagoa izatea. Hizkuntza horretan pentsatzea.
2. Erabilera: Hiztun aktiboa edo funtzionala izatea: hizkuntza hori erabiltzeko aukera duen komunikazio harreman guztietan hizkuntza hori aukeratzea. Hizkuntza horretan bizitzea.
Gurdi bereko bi gurpilak dira ezagutza eta erabilera: ibiliz ikasten da oinez eta hizkuntza erabiliz. Zenbat eta gehiago erabili, orduan eta erraztasun handiagoa lortzen dugu. Erabiltzearen poderioz ikasitakoa praktikan jartzen dugu modu errepikakor, automatiko eta inkontzientean, hizkuntza erabat gure baitakoa bihurtu arte. Gurpil bi horiek mugitzeko indarra, berriz, komunikaziorako behar naturala da: hiztunak hizkuntza hori erabiltzeko daukan behar sozio-funtzionala. Halaxe azaldu nuen, Gurdiaren Paradigma 2016, Euskara Biziberritzen Jarraitzeko Erronkak jardunaldian, Euskaltzaindiaren Bilboko egoitza nagusian, 2016-02-12an.
Euskaldun elebakarrik ez dago gaur egun. Euskaldun elebidunak desagertzeko bidean dira. Euskarak iraungo badu, nagusi behar ditugunak berezko hiztun eleaniztunak dira. Horiek sortzen egin behar dugu ahalegina.