Egaña, Martin, Mendiluze eta Torres bertsolariak, etzi Zelai Arizti aretoan
Luzio Gabiriaren omenezko jaialdian parte hartuko dute. Beñat Torres urretxuarrak lehenengoz abestuko du Urretxu eta Zumarragako bertsozaleen egun handianOstiralean, 22:15ean, Luzio Gabiriaren omenezko 29. bertsolari jaialdia egingo dute Zumarragako Z...
Luzio Gabiriaren omenezko jaialdian parte hartuko dute. Beñat Torres urretxuarrak lehenengoz abestuko du Urretxu eta Zumarragako bertsozaleen egun handian
Ostiralean, 22:15ean, Luzio Gabiriaren omenezko 29. bertsolari jaialdia egingo dute Zumarragako Zelai Arizti aretoan. Lau bertsolarik abestuko dute: Andoni Egañak, Alaia Martinek, Andoni Mendiluzek eta Beñat Torres urretxuarrak.Sarrerak saioa hasi baino ordubete lehenago jarriko dira salgai, Zelai Ariztiko leihatilan. Helduek 10 euro ordainduko dute eta gazteek 7. Saioaren amaieran bertako produktuak biltzen dituen saski bat zozkatuko dute ikusle guztien artean.
Gabiriaren omenezkoa Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolak antolatzen du urtero, Santa Lutzi eguna baino egun batzuk lehenago, Zumarragako Udalaren babesarekin.
Bertsozale amorratua
Omendua Gabiriako Bekoetxe baserrian jaio zen eta bertsolaritzarekin lotura estua izan zuen. Umetatik bertsozalea izan zen eta bertsolaritza bultzatzeko lan handia egin zuen, egungoa baino garai zailagoetan: gazteak zaletzen saiatu zen, txapelketak antolatu zituen, epaile lanak egin zituen eta bertsoak ere abestu zituen.
Bertso jaialdi hau bera hil zenean antolatu zen lehenengoz. Bertso eskolakoen ahaleginari esker, Gabiriak horren gustuko zuen bertso giroaz gozatzeko aukera dute Urretxu eta Zumarragako bertsozaleek. Izan ere, urtero punta-puntako bertsolariak ekartzen dituzte.
Aurten ere lehen mailako bertsolariez gozatzeko aukera egongo da. Egañak lau aldiz irabazi zuen Euskal Herriko txapelketa eta bertsogintzan aro bat markatu du. Martin punta-puntan dabil, iaz Gipuzkoako txapeldunorde izan zen, eta jarraitzaile asko ditu. Mendiluzek, berriz, urte asko daramatza gailurrean. Gipuzkoako txapelketa birritan irabazi du eta txapelketa nagusiko finalean ohikoa da.
Aurten Zumarraga eta Urretxuko bertso eskolako kide batek ere parte hartuko du. Aspalditik zuten taldeko bat Gabiriaren omenezkoan oholtzara igotzeko gogoa eta Torresi egokitu zaio ohore hori. «Gogoz eta ilusioz» dago, bere burua ondo prestatu du eta maila ematea espero du. Saioan zehar bertso eskolako gaztetxoek ere abestuko dute.