Elkarretaratzea deitu du Landarlanek Ordizian
Landarlan Ingurumen Elkarteak elkarretaratzea deitu du Ordizian, bihar 19:00etan. Enirio Aralarko mankomunitatea Ordiziako udaletxeko batzar aretoan, bilduko da, besteak beste, 2015-2019 urte bitarterako pista berrien plana eztabaidatzeko. Hori dela eta, udaletxearen kanpoko aldean egingo dute elkarretaratzea.
Landarlanekoek, urrian, honako eskaerak egin zizkion udalbatzari: Goroskintxuko pistako lanak eta Saltarriko pista proiektua bertan behera uztea, edozein pista berri onartu aurretik 2003ko ekintzen egitasmoa berrikustea, mankomunitatea erakunde gardena eta irekia izatea eta mankomunitateko lan batzordea desegitea. Landarlanek, egindako eskaerei «erantzunik ez» jasotzea salatu dute. Aralarren interesak dituzten sektore guztiekin «elkarrizketa eta eztabaidara zabalik» daudela adierazi dute. Edozein erabaki hartu aurretik, «herritarroi informazioa zabaldu eta parte hartzeko bideak mankomunitateak ireki behar» dituela nabarmendu dute.
Azken egunetan Zaldibian agertu den pisten aurkako lema zuen pankartarekin gertatutakoa «tamalgarria» dela esan du Landarlanek, «adierazpen askatasunaren aurka doazelako». Dirudienez, Zaldibian jarritako pisten aurkako lema zuen pankarta, zegoen tokitik kendu eta etxe baten atarian uzti zuten.