GOIERRIKO HITZAK eta Goierri Telebistak 'Goierrira Ghiltza' saio berria estreinatuko dute gaur, 22:00etan. Bi komunikabideen arteko elkarlanetik sortutako magazinea izango da
Goierriko aktualitateari begiratzeko lehio berri bat zabalduko da gaurtik aurrera. Goierri Irrati Telebista eta GOIERRIKO HITZA telebista saio berria prestatzen aritu dira azken hilabeteotan. Elkarlan horrek eman du bere fruitua, eta gaur estreinatuko dute aurreneko atala, 22:00etan, Goierri Telebistan. Bihartik aurrera
goierri.hitza.eus eta
gitb.eus webguneetan ere ikusi ahal izango da.
Bi komunikabide horien elkarlanetik sortu da
Goierrira GHiltza magazinea. Gaur izango da aurreneko saioa, baina hemendik aurrera, hilero eskainiko dute, hilabete bakoitzeko hirugarren asteazkenean. Ordu erdiko saioa izango da, eta kaleko erreportajeak eta platoko atalak tartekatuko ditu. Aktualitateko gaiak landuko ditu, aurrez aurreko erreportajeen bidez, eta protagonisten testigantzak lekuan bertan jasota. Albisteen zurrunbilotik kanpo egonagatik, egunerokoak eta gertukoak diren gaiak izango dira saio berriaren ardatza.
Erreportajeak egiterako garaian, GOIERRIKO HITZA-ko kazetari batek eta Goierri Telebistako kameralari batek hartu dute parte. Platoko grabazioan berriz, Goierri Telebistako bi kameralarik eta errealizadore batek hartu dute parte. Aurkezle lanak, GiTBko Nagore Arozena kazetariak egingo ditu.
Eguberriak eta errugbia
Eguberriak gainean dira dagoeneko, eta aurreneko gaia garaiarekin lotutakoa izango da. Ariane Vierbücher kazetaria bi herritan izan da. Batetik, Urretxun, Aitor eta Iñaki Mendiaraz anaiak bisitatu ditu, danbolin elektri-koak nola egiten dituzten ezagutzeko. Bestetik, Ormaiztegin Santi Oiartzabalekin izan da, egurrezko pipak egiteko prozesua ezagutzen.
Bigarren erreportajea ere, aktualitateari lotutakoa izango da. Arkaitz Apalategi Ordiziako Altamira zelaian izan da, Ordizia Rugby Elkarteko emakumez-koen taldea sortzeko prozesua zertan den jakiteko. Agustin Ortiz entrenatzailearekin eta hainbat jokalarirekin hitz egin du.
Platoko atalei dagokionean, irakurleek ere izango dute beraien tartea. Goierriko Txokoen argazkiak bilduko ditu saioak. Parte hartzeko, twitterren zabaldu behar dira argazkiak,
#goierriraghiltza traola erabilita, eta
@GITBinfo eta
@goierriHitza etiketatuta. Argazkirik onenen artean, sari bat zozkatuko da 2017. urtea bukatzerako.