2017ra begira Eniriotik Igaratzarako bidea ibilgailuentzat egokitzeko 200.000 euroko hitzarmena sinatuko dute Enirio-Aralar Mankomunitateak eta Foru Aldundiak
Enirio Aralar Mankomunitateko osoko bilkurak bi gai nagusi onartu zituen herenegun arratsaldean Ordiziako udaletxean egindako bileran: 2015-2019 legealdiko kudeaketa plana eta 2017. urtean Eniriotik Igaratzara arteko oinezkoen bidea ibilgailuentzat egokitzea. Aldeko 10 boto jaso zituen erabakiak eta abstentzio bat. Mankomunitateko batzarra Goierriko eta Tolosaldeko 15 udalerritako ordezkariek osatzen badute ere, horietako lauk Legorreta, Ikaztegieta, Itsasondo eta Zaldibiako ordezkariek azkeneko momentuan batzarrean parte ez hartzea erabaki zuten.
Azken hilabeteetan ika-mika ugari sortu duen auzia da Aralarko pistena, eta udal areto nagusira sartu orduko tentsio giroa nabaria zen oso, gaiarekiko ikuspegi ezberdinak dituzten eragileak elkartu baitziren: hamarnaka artzain eta ganaduzale, Landarlan ingurumen elkarteko ordezkariak bileraren aurretik elkarretaratzea egin zuten eta baita hainbat norbanako ere. Aretoa jendez gainezka zegoen, 200 lagundik gora izango ziren.
«Egun historikoa»
Enirio Aralar mankomunitateak ohar bidez jakinarazi du «mendiko beharrak identifikatu eta lehentasunak jarri» dituela hartutako erabakiekin. «Lehentasun horien artean daude irisgarritasunarekin lotutako azpiegitura sarea egokitzea, larre garbiketa lanak egitea eta txabolak egokitzea». Orain, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitzarmena sinatu, eta Enirio eta Igaratza lotzen duen bidea egokitzeko lanak egiteko prozedura martxan jarriko dela adierazi du.
Mankomunitateko lehendakari Jose Migel Santamariaren iritziz, «egun historikoa izan» zen asteartekoa: «Artzain eta abeltzainei esker daukagu egungo Aralar. Gizarte hau zorretan zegoen sektore honekin, urte askoan haien bizi eta lan baldintzak egokitzeko erraztasunik eman ez diogulako. Haien elkarlana eta konfiantza indartzen lagunduko du erabaki honek».
Landarlanen adostasun eza
Landarlan elkarteak, bere aldetik, «berriro ere mankomunitateak artzainak eta abeltzainak ez diren herritarrak baztertu» ditutuela salatu du ohar bidez. Horrez gain, «Aralar natur parkea dela ezkutatu» dutela eta «bere kontserbaziorako diren mugak aintzat ez» dituztela hartu salatu du. «Gainera, Goroskintxuko pista amaituta dagoen arren, mankomunitateak ez digu bidali ingurumen jarraipenerako programa, gure informaziorako eskubidea urratuz», adierazi du.