Gabiriako Baztarrika baserriko gaztak bost domina lortu ditu aurten World Cheese Awards sariketan, horietako bat 'super urrea'. Herenegun jaso zuten aitortza diploma Ordiziako azokan.
Ezusteko ederra hartu zuten Gabiriako Baztarrika baserriko Eli Elgarrestak eta Asier Osinaldek azaro erdialdean, World Cheese Awards sariketako epaimahaiak bere ebazpena jakitera eman zuenean. Bikote gabiriarrak urtero ateratzen du dominaren bat mundu mailako milaka gazta aurkezten diren lehiaketa ospetsuan, baina inoiz ez aurten lortu duten izendapena:
Super urrea. Milaka gaztaren artean, 66 onenen artean geratu ziren. Ez zuten saria espero, eta gustura hartu zuten. «Beti aurkezten gara zerbait irabazteko asmotan, noski, baina ez genuen uste gure gazta xumeak
Supergold saria lortuko zuenik», adierazi du Osinaldek.
World Cheese Awards sarietan.
Aurten, lehen aldiz, Euskal Herrian egin da txapelketa, Donostian. Baztarrikakoek bost gazta aurkeztu zituzten, eta bost domina lortu:
super urrea, urrea, bi zilar eta brontze bat. Elgarrestaren hitzetan, dominak emateko irizpideak ez du zerikusirik hemen egiten diren txapelketekin. 66 mahai jartzen dituzte, eta mahai bakoitzean 46 gazta inguru. Mahai bakoitzean epaimahai bat egoten da, eta gazta bakoitzari puntuak ematen joaten dira. Puntuazio jakin batera iristen diren guztiek jasotzen dute brontzezko domina, beste puntuazio batera iristen diren guztiek zilarrezkoa eta beste puntuazio batetik gorakoek urrezkoa.
Bestalde, mahai bakoitzeko gaztarik onena aukeratzen dute, eta
super urrea ematen diote. Baztarrikako gazta, hain zuzen, mahai bateko gaztarik onena izendatu zuten, eta horregatik jaso zuten domina hori. 66
super urreak finalerdietara pasatzen dira, eta han aukeratzen dute txapelketako gazta irabazlea. Aurten Norbegiako Kraftkar gaztak irabazi du sari nagusia.
Legazpiko gazta bera
«Poz handia» sentitu zutela adierazi du Elgarrestak. «Urtean zehar egiten dugun lanari errekonizimendu bat ematen dio sari honek». Apirileko gazta da
super urrea lortu duena, ketu gabea. Hain zuzen ere, Legazpin jokatzen den Gipuzkoako Artzai Gazta Txapelketara aurkeztutako gaztaren txanda berekoa da. «Legazpin zazpigarren postua lortu genuen, baina ordutik oso garapen egokia izan du gaztak», azaldu du Osinaldek. «Donostiako sariketan probatzeko aukera izan genuen, eta izugarrizko aldea zuen maiatzean aurkeztu genuenetik».
Elgarrestak, gainera, epaimahikide batekin hitz egiteko aukera izan zuen. «Esne zapore garbia zuela esan zidan, ez zeukala inolako aromarik». Osinalderen hitzetan, esneak segituan hartzen ditu inguruko usainak eta zaporeak, eta zaila da esnearen zaporea garbi mantentzea.
«Esne zapore garbia zuela esan zidan [epaileak], ez zeukala inolako aromarik»
Eli Elgarresta (gaztagilea)
«Bertako jendeari saltzen diogunetik bizi gara, ez kanpora saltzen dugunetik»
Asier Osinalde (gaztagilea)
Elgarrestak eta Osinaldek ez zuten denbora askorik izan World Cheese Awards sariketaz gozatzeko, etxean ere bazeukatelako nahikoa lan. Hala ere, egin zuten bisitaren bat azokara eta gazta ugari probatzeko aukera izan zuten. «Denak probatzea ezinezkoa zen, azkenerako ez genekien zer probatzen ari ginen ere», esan du Elgarrestak. Gazta irabazlea probatzeko aukerarik ez zuten izan, baina bai beste asko. Elgarresta, adibidez, Cabrales gazta batek harritu zuen, berak uste baino suabeagoa zelako. Osinalde, berriz, herrialde batzuetatik aurkezten zituzten gazta handiek harritu zuten. «Hamar bat kiloko gaztak zeuden, kubo formakoak».
Bikotearentzat ez ezik, erosleentzat ere pozgarria izan da Baztarrikakoek
super urrea lortzea. Elgarrestaren hitzetan, bezeroei ilusioa egiten die egunerokoan jaten duten gaztari horrelako sari bat eman izanak. «Batek esaten zidan, ‘Nik banekien gazta ona jaten genuela, baina orain errekonozituta dago’».
Super urrearen harira, salmentetan igoera nabaritu dute. Dena den, inguruko erosleak mantentzea da Baztarrikakoen nahi nagusia. «Gu bertan eta bertako jendeari saltzen diogunetik bizi gara, ez kanpora saltzen dugunetik», esan du Osinaldek. Baztarrikan dute denda txiki bat, eta bertan saltzen dituzte ekoizten dituzten gazten %50 eta %60 artean. Beste portzentaia txiki bat Artzai Gaztaren bidez saltzen dute, eta gainontzekoa harategietara. Ferietan gero eta gutxiago saltzen dute. «Gainbeheran doaz», esan du Elgarrestak. Donostian jokatutako World Cheese Awards sariketan ere espero baino jende gutxiago izan zela adierazi dute.
Lehen, Elgarrestaren gurasoek egiten zuten gazta Baztarrika baserrian, eta gutxika alabari eta suhiari joan dira negozioa pasatzen. 2002. urtean Osinaldek lana utzi zuen gaztagintzan hasteko, eta 2012an elkarte zibila sortu zuen bikoteak. 300 ardi inguru dituzte, etxe inguruko zelaietan, eta gaztagintzak eguneko 24 orduak kentzen dizkiela diote. Urtean 6.000 kilo gazta egiten dituzte, eta sobratzen zaien esnea saldu egiten dute.
Herenegun jaso zuten
super urrea irabazi dutela dioen diploma, Ordiziako azokan. Horrez gain, lehiaketan lortutako bost dominen pegatinak emango dizkiete, beraiek ordainduta, gaztan itsasteko. «Ez zaizkigu denak kabituko!».