Iñaki Aizpuru Bilduko Itsasondoko ordezkari eta Aralarko jabe arduratsuaren gutunari erantzuna (2016ko abenduaren 29an, GOIERRIKO HITZA-n):
Iñaki Aizpuruk bere idatzian Goroskintxura egin den pista zalantzan jartzen du.
Iñaki, nahikoa da! Badirudi ahaztu egin zaizula pista honen planteamenduan hasiera-hasieratik zein izan den zuk zeuk jokatu duzun papera:
1.- 2002ko abenduaren 18ko Zuzendaritza Batzordearen bigarrengo deialdian (lehenen-goan quorumik osatu ez zelako) hainbatetan aipatzen duzun Egitamu Plana onartu zen zu zeu Aldundiko ordezkari bezela bertan zinela. Egitamu Plan honetan onartu zen Goroskintxuko pista egitea.
2.- 2015ko martxoan Iñaki, zuk zeuk zeure burua Mankomunitateko ordezkari bezala aurkeztuz (hamabost herrietako bakar batean ere ordezkari ez zinela), Goroskintxuko pista egitea barneratzen zuen konpromiso bat adosten aritu zinen administrazioko ordezkari batzuekin. Nahi al dezu hau egiaztatzen duen agiria ere horrenbeste kezkatzen zaituen Goroskintxuko pistaren prozedura «oker» horretan barneratzea?
3.- Legealdi hasieran Goroskintxuko bidea egitea Mankomunitateko hamabost herriek aho batez onartu genuen, zu zeu Bilduko Itsasondoko ordezkari bezala alde zinela.
Zuk zeuk onartutako pista «soluzio sinplista» bat dela esaten dezu idatzian. Berriro diot: Zuk zeuk bideratu eta onartutako pista! Nori ari zara kontu hartzen?
Hilabete hauetan gauza bat garbi utzi duzu: Goroskintxuko pistaren exekuzioari etengabe oztopoak jartzea izan dela zure helburu bakarra. Batzutan etxeko kamisetarekin, besteetan herriko kamisetarekin, besteetan bisitarien kamisetarekin baino zure helburua beti bera: Pistarik ez egitea.
Pistarik ez egiteko aitzakia aitzakiaren atzetik erabiltzen ari zara: Aralarren interes desberdinak daudela, azterketa integrala egin behar dela, artzaintzak jasangarria izan behar duela, bozken bi heren behar direla, prozedura, gardentasuna, Parke Naturala dela, araudia, 120 abeltzain bakarrik direla…
Iñaki, demagogiarik ez. Zuri horrela esatea interesatu arren, abeltzain eta gainontzeko gizartearen arteko interesak ez dira kontrajarriak. Edo ze kalte egiten dio abeltzaintzak mendizaleari? Eta ehiztariari? Eta gure kulturari? Eta edateko urari? Eta paisaiari?
Bada garaia azpijokoak alde batera utzi eta gizartearen aurrean zure benetako postura zein den argitzeko. Zein da zure kamiseta? Bisitariena? Herrikoa? Edo Iñaki Aizpururena?
Ez da zilegi ordezkari politiko egoeraz baliatuz eta edozein preziotan zure helburuak lortzeagatik siglak, mankomunitateko ordezkariak eta herritarrak erabiltzea.