Azken 25 urteotan milaka bertso idatzi ditu Sabino Auzmendi Arratibelek (Ataun, 1926). Lehenago kantatutakoak, jarritakoak edo eskariz egindakoak, ia 800 ale argitaratu dizkio Atauniker elkarteak, liburuxkan.
OLYMPUS DIGITAL CAMERA
Eskolara ez omen zinen askorik joan.
Ez, eskolara ez, zoritxarrez. Geroztik ikusi dut zer falta egiten duen. 1926ko uztailaren hemeretzian sortu nintzen Urdangarin Txiki baserrian. 10 urte betetzeko bezperan piztu zen gerra, Don Gaspar apaizak esan zigun. Geroztik, baserrian geratu nintzen, lanean. Hiru anaia neuzkan aurretik, 18-19 urterekin gerrara eraman zituzten. Bat Santanderren hil zen, 21 urterekin.
Geroztik baserrian beti?
Ez. 33 urterekin alde egin nuen, ezkonduta. Gero ere ibili naiz, 70 bat urte arte; anaia nola han zegoen, ia egunero joaten nintzen. CAFen ibili nintzen lanean, 40 urtean. Aurrena forjan, eta gero mekaniko tailerrean, jubilatu arte; azken urteetan goarda.
Eta bertsotarako zaletasuna betidanik izan duzu?
Beti Aldarretan ibiltzen ginen gu, mutiko eta neskato. Han bi eri ziren, bat soinua jotzen aritzen zen. Luizi batek eraman zuen baserria gero. Aurrena ahoko soinua jotzen zuen. Han bertso asko ez zen izaten. Kalera-eta hasi nintzen pixka bat festak zirenean. Ni han egoten nintzen, bertsolarien eta soinu jotzailearen ondoan. Eta bietatik batere ez nuen ikasi.
Soinua ba omen duzu, bada.
Bai, soinua erosi nuen. Baina jotzen ez nuen ondo ikasi. Hor daukat.
Bertsotan ikasi zenuen.
Lehenengo etxean ikasi nituen Santa Genobebaren eta Santa Barbararen bertsoak. Emakumeek kantatzen zituzten. Aita zenak ez zuen bertso asko kantatzen, ekarri egiten zituen hark bertsopaperak Billaprankatik. Eta ni haiekin saiatzen nintzen. Bi liburu txiki baziren, Gernikako Arbola zeukatena. Albaiteroaren bertsoak, neskazaharrari jarritakoak… Praka-poltsikoan utzi nuen sobra ere behin, eta garbitu zituztenean zopa eginda, adio liburuak. Negar eta guzti egin nuen.
Zein bertsolari izaten ziren zure gazte garaian hemen?
Festetan ekarri egiten zituzten. Asko ezagutu ditut hemen. Behin, San Martin gauean, Artzaren tabernan ia borroka eginean ere ikusi nituen Txapel eta Asteasuko Kortajarena,
Ondartza esaten ziotena.
Bertsolariak borrokan?
Ondartza segari famatua zen, gizon handia. Indarrez gehiago zen. Berari esatea gustatzen zitzaion, baina besteek esandakoa ez zuen aditzen. Bost duroren faltan bazegoen bezala bota zion Txapeli, eta hark erantzun zion miserikordiarako bidea berak egingo ziola. Heltzen dio paparretik, eta txikituko zuen. Atorrasagasti albaitariak-eta apartatu zuten, han zeuden afaltzen eta.
Nola bukatu zen?
Orduan sartzen da Lazkao Txiki, bere lagunekin. Jartzen da begira, ikusten du
koadro hori, eta kantatu zien:
Entzulegoak hitz egingo du, badaki gure berri ta./ Lenago ere horrelakoak, ikusia nago sarri ta./ Neroni ere harritzen nago, zuen aurrean jarrita,/ nola iritsi zerate hortara, biok lagun etorrita. Egin ziren bakeak! Albaitariak-eta atera zituzten atera behar zirenak, dirua gastatzeko erreparorik ez eta. A zer saioa! Txapel gehiago zen bertsotan. Orain, indarrean bestea.
Zuk kantatzen al zenuen?
Gu, aditzen. Neronek kantatu ez dut egin. Bakarrik, mendian nabilenean eta, orduan. Bestela, ez. Ni ez naiz bertsolaria. Parrandan ere behin ere ez geneukan holakorik. Bertso zaharrak kantatzen nituen, bestela ez.
Lotsatu? Ausartu ez edo?
Idaztetik kolpean aritzera, hor koska handia dago. Ez ezazuela pentsatu dena dela bertsolaria! Ez, alde handia dago. Idatzian, gainera, ikusten duzunean zerbait oker, aldatu egiten duzu. Esparruko puntan Aizkorriri kantatu igual, eta gero bidean errepikatzen hasi, eta dotoreago datorrena aldatu, eta kito. Baina behin bota duzun hura ez dago aldatzerik, hura joan zen.
Aspalditik idazten dituzu?
Ni hasi nintzen idazten, Ataunen udaletxeko mahai bati lotuta gazte batzuk egon zirenean [1991]. Etorri naiz Esparru edo Irumugatik, jarri naiz salako besaulkian, hartu boligrafoa, papera eta liburu handi bat gogorra izateko, eta zortzi bertso behintzat moldatu nituen.
Eta, ahoz kantatutako lehena?
Nire kasa kantatuta lehenengo bertsoa zen, Artzarenera etorri ardo bila garrafoiarekin bizikletan, eta handik gure baserria ikusten nuen; gaur ez da igual ikusiko, arbolak luzatuta daudelako. Begiratu, bizikletaren gainean banator, eta ez bat eta ez bi, kantatzen hasi naiz:
Nere sortetxe bihotzekoa, hantxe ikusten det goian./ Lehen hainbat babes eman zidana, oraindik ere eman nahian./ Bereganatu izan naiz inoiz, hain ibilaldi alaian./ Bisitalditxo bat egiten diot, astean ez bada jaian. Hori aurrenekoa. Bertso hori hor joan zen, baina gerora, idazten hasi eta gero, memoriara etorri zitzaidan.
Egundoko memoria duzu, ala?
Ez da neronek esatea, baina nik edozein bertsolariren bertsoak neuzkan. Akatsa neukan, doinurik ez nekiela. Puntu askoko bertsoak niretzat ez dira egiten, paso ematen nien. Zortzi-hamar bertso memorizatzen nituen, bi-hiru ordurako, hamarrekoan edo zortzikoan.
Zeuk zer gairi jarri dizkiezu bertsoak?
Batzuek esaten zidaten bertsoak kantatzeko. Ni ez naizela bertsolaria, esaten nien. Elizarako asko jarri ditut, edo jendeak ospakizunetarako eskatuta. Baina ikusten ditudanei ere bai, paseoan noanean eta. Pinu-mozorroei ere egin nizkien, kaminoan denak pasatzen ikusita,
stop-ik ez al zegoen.
Zein bertsolari izan dituzu gustuko?
Segun zein gai, asko egiten du. Adibidez, puntutan eta zortziko txikian Agirre estimatua nuen oso. Lasarte ere bai. Gorrotxategi, lan batzuetan ikaragarri gustatu izan ziat. Bestelakoan, Lazkano, Sebastian Lizaso, Uztapide ere bai. Gaurkoekin, doinu aldaketa horiekin ibiltzen naiz gaizki. Egañak bigarren txapela atera zuenean Donostian han nintzen. Niri gustatu egin izan zait, asko. Orain gutxiago joaten naiz.
Bertso batzuk liburuxkan aterata ikusteak poztu zaitu?
Bai, egin dit ilusioa. Niri garai batean esan balidate hau egingo zutela, esango nien haizea hartzera joateko. Baina, orain, hor dago, nahi duenarentzat.