Aizkorri gailurrean dagoen aterpetxea 1934an ireki zuten. Egoera txarrean zegoela ikusita, azken asteetan mendizale batzuek Aizkorri Bizirik taldea sortu eta aterpea konpondu dute.
mendizaleen artean ezaguna bezain estimatua da Aizkorriko gailurra Euskal Herri mailan. Mendi horren gailurrak daukan esanahi sinboliko edota mitologikotik harago, babesleku gisa ere funtzio garrantzitsua betetzen du; hain zuzen, gailurreko ermitaren ondoan dagoen aterpetxeagatik.
Hain justu, azken hilabete hauetan zeresan handia eman du aterpe horrek. Izan ere, aurtengo irailean aterpetxeko argazki batzuk sare sozialetara igo zituzten Bergara eta Oñati inguruko mendizale batzuek, aterpearen egoera «penagarria» zelako: abereen zikinkeriez betea, atea apurtuta… Mendizale horietako bat izan zen Jose Mari Anduaga (Bergara, 1974): «Egoera lotsagarria eta penagarria zen. Ezin ginen aterpera ere sartu!». Bere esanetan, Aizkorri Euskal Herri mailan hain mendi erreferentea izanik, «ez zen justua halako baldintzetako aterpetxea izatea».
Egoera konpontzeko asmoz sortu zuten Aizkorri Bizirik izeneko taldea Anduagak eta Debagoiena eskualdeko beste mendizale batzuek: «Deialdi ireki bat egin, eta irailaren 25erako gelditu ginen aterpetxea garbitu, desinfektatu, margotu eta konpontzeko». Aterpetxea Zegamako lurretan dagoela kontuan izanda, beharrezko baimenak eskatu zizkieten bertako udalari eta Euskadiko Mendi Federazioari.
Horrela bada, hamabost bat lagun bildu ziren garbiketa egiteko. Materiala Urbiaraino autoz igo ostean, tresnak bizkarrean hartuta igo zituzten gailurreraino. Anduagaren esanetan, gustura gelditu ziren emaitzarekin: «Konponketa orokorra egin genuen: erakinia garbitu eta desinfektatu, hormak lijatu, gorotzak atera, atariko burdin sarea konpondu… Taldetxoa ginenez, erraz burutu genuen, eta aterpetxeari berriz babesgune itxura eman genion». Hurrengo egunetan zehar, tarteka itzuli egin ziren, egindako konponketak ongi zeudela ziurtatzeko.
Anduagaren esanetan, hasierako konponketa hura Aizkorri Bizirik taldekoek burutu zuten, eta gastu guztiak euren kabuz ordaintzeko konpromisoa hartu zuten. Horren harira, Urbiako Fondan itsulapiko bat jarri zuten jendearen ekarpenak jasotzeko eta «gustura» gelditu dira jasotako erantzunarekin. Gutxinaka, gainera, euren harreman sarea eratzen ari da, eta jada elkarlan sendoak eratu dituzte Zegamako Amezti Mendi Taldearekin, Zegama-Aizkorri mendi maratoiaren kudeatzaileekin eta Euskadiko Mendi Federazioarekin.
Lan gehiago egiteke
Oraindik, ordea, sarrerako atea konpontzea falta da, eta baita kanpoaldeko hesia egokitzea ere. Anduagaren esanetaz, «sarrerako atea kontrapisuarekin jarriko» dute, eta horrela atea «automatikoki itxi ahalko da».
Negua dela kontuan izanik, eta eguraldia lagun ez dutela jakinda, ziurrenik lanak udaberrian egingo dituztela aurreikusten du Anduagak lehen aipatutako erakundeen laguntzarekin. «Hasieran bakarrik hasi baginen ere, gustura gaude guztion ar-tean sortu den elkarlanarekin».
Jendearen erantzun zabala
Bereziki sare sozialetan oihartzun handia izan du Aizkorri Bizirik taldearen ekimenak. Izan ere, konponketak egin zituztenean argazkiak euren Facebook-eko kontura igo zituzten eta soilik bi egunetan 15.000 bisita baino gehiago jaso zituzten.
Anduagaren esanetan, ez zuten espero halako zabalkundea izango zutenik: «Hain zuzen, jendeak emandako iritzi eta babes horiei esker lortu dugu gainontzeko erakundeek guk eginiko lana eskertu eta aitortzea». Hori dela eta, taldekideak pozik daudela dio : «Badirudi lortzen ari garela jendea gaiaren inguruan kontzientziatzea, eta pozik gaude lortutako emaitzarekin». Obrak egin zituztenetik aterpetxea ongi erabilia izan dela ere nabarmendu du.
Horren erakusle da sare sozialetan erabiltzaileekin duten zuzeneko harremana. Esaterako, euren Facebook-eko kontuan Aizkorriri buruzko orotariko berriak, argazkiak, iruzkinak… konpartitzen dituzte.
Bestalde, datozen hilabeteetara begira, kamisetak diseinatu eta saltzeko proiektuarekin ere badabiltza.
Laster Euskal Telebistan
Abenduaren 21ean Aizkorrin bertan ibili ziren Aizkorri Bizirik taldekoak ETB 1eko Gailurra programarako atal bat grabatzen Andoni Aizpuru aurkezle gabiriarrarekin eta beste hainbat lagunekin batera. Anduagaren esanetan «esperientzia polita» izan da. Ziurrenik, datorren urtarrilaren 12an emitituko dute.