Pregoi musikatua aurten jaietan
San Blas jaien pregoiko hitzek musika izango dute lagun aurten, Idiazabalgo abesbatzak horretarako gonbitea jaso eta gero, hala prestatu duelako. Kandelaria egunez, otsailaren 2an izango da jaien hasiera ofiziala 19:30ean, eta pregoiarekin batera, Axari jaitsiera ere egingo da.
Abesbatzako kideak , 22 gizon eta emakume, jo eta ke ari dira lanean azken asteotan pregoi hori prestatzeko entseguekin. Naxario Telleria dute zuzendari, eta astelehen eta astearteetan elkartzen ari dira astero, elizan astelehenetan eta garai bateko Apaizetxean astearteetan, txistularien lokalean.
Izan ere, ez dute lan makala aurretik, pregoiaz gain, badituztelako beste hitzordu batzuk jaien atarian eta jaietan bertan. Hasteko, bihar, urtarrilak 28, txistularien alardean parte hartuko dute, Zelaa kiroldegian, 20:00etatik aurrera. Eta otsailaren 3an, San Blas egunean, festetako meza nagusian abestuko dute. Azken aldian eliza inguruan modan jartzen ari diren latinezko abestiak dituzte elizkizun horretarako errepertorioan, baita euskarazko beste hainbat meza kanta ere.
Baina ez dira meza kantak Idiazabalgo abesbatzak lantzen dituen bakarrak, eta egia bada elizarekin lotzen den korua dela, kalean ere egiten dituzte emanaldiak. Horietako azkena, Gabon bezperan, herriko plazan. Eta hurrengoa, bihar bertan, txistulariekin batera.
Telleriatarrak zuzendari
Ehun bat urte ditu Idiazabalgo abesbatzak, eta azken hamarkadetan Telleriatarrek zuzendu dute. Gaurko zuzendaria Naxario Telleria da; txistularia eta elizako organo-jotzailea ere bada, batzuetan Maite Auzmendik laguntzen badio ere organoarekin. Naxarioren aita, Naxario hura ere, izan zen abesbatzaren aurreko zuzendaria, eta hark Victoriano anaia izaten zuen organoa jotzen.
Musikarien familia da, hortaz, Telleriatarrena, baina gaurko Naxariok aitortzen duenez, musika ikasketa formal batzuk badituen arren, «kaleko unibertsitatean» gehiago ikasitakoa da bera. Hori bai, dakiena erakusteko prest dago beti, eta horregatik egiten die dei herritarrei ager daitezela abesbatzaren ohiko entseguetara, astelehenetan 21:00etan. Ateak irekita dituzte.
ABESBATZA JAIETAN Idiazabalgo abesbatzak hainbat hitzordu ditu San Blas jaietan. · Urtarrilak 28, larunbata: Txistularien alardean parte hartuko dute. Zelaa kiroldegia, 20:00. · Otsailak 2, osteguna: Jaietako pregoia. Udaletxea, 19:30. · Otsailak 3, ostirala: Meza Nagusia. San Migel eliza, 11:00.